UPNk eta CDNk hilaren 17rako manifestazioa antolatua dute, "Nafarroaren defentsan", Forua eta askatasuna. Nafarroa ez da negoziagarri leloarekin (Iruñean izango da). Miguel Sanz Gobernuko lehendakariak, nafarrei ez ezik, espainiarrei ere gonbitea luzatu die larunbatean Iruñean izan daitezen. Oraingoz, PP da atxikimendua adierazi duena. Esperanza Aguirre Madrilgo erkidegoko presidenteak esan du bertan izango dela, baita Mariano Raxoi PPren presindenteak ere.
Deialdi hori "astakeria handia" iruditu zaio Patxi Zabaleta Aralarren legebiltzarkide eta Nafarroa Bairen lehendakarigaiari. "PPri lan zikina egitea da manifestazio hori, eta azkenean euren kontra bihurtuko da", esan du gaur.
Pernando Barrena Batasuneko kideak, berriz, esan du eskubia izan zela duela 25 urte Nafarroaren geroa "negoziatu" zuena Espainiarekin, "herritarrei bizkarra emanda". Herritarrek "libre" erabaki izan dutenean, ia beti beste euskal lurraldeekin proiektu bateratuaren alde egin dutela gogoratu du Barrenak.
CDNk eta UPNk Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordera eraman dute gaia. Bi alderdi horien babesa izan du manifestazio deialdiak eta beste denek ez dute alde bozkatu. Miguel Sanz lehendakariak kritikatu egin du PSNren jarrera. Nafarroa Baik idatzi alternatiboa aurkeztu du, eskatuz Legebiltzarrak esan dezan nafarren etorkizuna euren esku baino ez dagoela, baina UPNk eta CDNk atzera bota dute proposamena.
Larunbat honetako manifestazioa "Nafarroako gizarte osoa" hartzeko antolatu dutela esan dute Sanzek eta Jose Andres Burgete CDNko kontseilariak, eta "ahalegin handia" egin dutela eta "eskuzabalak" izan direla lelo hori jartzean. "Abertzale mundutik aspaldian datozen erasoei aurre egiteko" antolatu dute ekimena eta, Sanzen arabera, "nafar onentzat" dago deituta. Juan Cruz Alli CDNko presidenteak kritikatu egin du Sanzen irteera hori; "izan ere, eguzkia hartzera doana, manifestaziora doana bezain nafar ona da. Baita beste hautu politiko bat duena ere, betiere zilegi eta demokratikoak diren bideetatik defenditzen badu hautua".
Politika
Sanzek espainiarrei ere gonbitea luzatu die larunbatean "Nafarroaren defentsan" izan daitezen
Raxoi bertan izango da. Nafarroako Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordean UPN eta CDN deialdiaren alde azaldu dira, besteak ez. Allik, baina, esan du "nafar ona" izateko ez dagoela zertan joan manifestaziora. Patxi Zabaletari "astakeria handia" iruditzen zaio ekimena. Barrenak dio eskubia izan zela duela 25 urte Nafarroaren geroa "negoziatu" zuena Espainiarekin, "herritarrei bizkarra emanda".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu