Ser irrati kateak antolatutako hitzaldian, Miguel Sanzek, bigarren lerrotik bada ere, politikara jauzi egin du, eta kritika zuzena egin dio alderdiko buruzagiari, Yolanda Barcinari. Haren esanetan, PSNrekin elkar ulertzea "ezinbestekoa" zaio UPNri agintzen jarraitzeko. Horretarako bi alderdiek "jarrera irekia" izan behar dutela deritzo. "Bata besteaz kexatzea denbora galtzea da". Gaineratu duenez, UPNk elkar ulertze horri muzin egitea "harakiri politikoa da".
Nafarroako gobernabideari eusteko, UPNk "ezinbesteko" du sozialistekin akordioa egitea, eta, horretarako, UPNren "autonomia" aldarrikatu du Sanzek. Hartara, PPrekiko lotura haustea iradoki du Sanzek. Haren esanetan, autonomia hori bilatu beharra du, eta gehiengoa eman diezaiokeen PSNrekin negoziatzerakoan "proposamen irekiak" egiteko gertu egon behar du UPNk, PPk ezar diezaiokeen zamarik gabe. Horrek adostasuna erraztu dezakeela uste du. "Datozen fortu hauteskundeetan bakarrik lehiatzea da lehen urratsa". Hots, PPrekin ituna hitzartzeari bidea itxi nahi dio Sanzek.
Sanzek gaztaren teoria errepikatu nahi du, eta alderdi abertzaleen garapena oztopatu. Haren ustez, egungo testuinguru politikoa alderdi abertzaleek aurrera egiteko "autopista onena da". Horregatik, UPN eta PSN elkar ulertzera kondenatuta daudela deritzo: "Boterea izan bai baina ezarri ezin dezakeenak arazo bat du. Baina, era berean, boterea ezartzeko Nafarroako pertsonalitatea ukatu eta bere bandera inposatu nahi digutenekin bat egin behar duenak ere neurri bereko arazoa dauka".
Azkenaldian bi alderdiak gehiegi urrundu direla kritikatu du: "Hain denbora gutxian hainbeste aldatu gara, hain urruti joan gara adierazpenetan..."Sanzek berretsi du PSNk ere UPNrekin akordioa hitzartzea beste erremediorik ez duela. Behin PSNk EH Bildurekin gobernatzeari uko eginda, Sanzen irudiko, Geroa Bairekin eta Ezkerrarekin hitzartu nahi izatea ez doa inora: "Bere burua engainatzea da hori. Zenbakiek ez dute ematen".