Sara eta Lesaka batuko ditu Jalgi Hadi taldearen mendi martxak

Saratik apirilaren 6an abiatuko da, eta Lesakara 7an helduko da; Iruñeko Aberri Egunera deitu dute

Jalgi Hadi Garaipenera mugimenduak atzo Saran egindako ekitaldia. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Jalgi Hadi Garaipenera gazte mugimenduak mendi martxa bat antolatuko du Sara (Lapurdi) eta Lesaka (Nafarroa Garaia) artean, burujabetza aldarri. Gazteen mendi martxa hori apirilaren 6an abiatuko da, Saratik, eta biharamunean helduko da Lesakara. Independentistak sareak apirilaren 8rako antulaturiko Aberri Egunean parte hartzera deitu dute.

«Iragana buruan izanik, etorkizuna marrazteko garaia heldu zaigu. Har dezagun 500 urte hauetako borrokaren uzta, eta eraiki dezagun biharko Euskal Herri gorria; estutzen gaituzten kateak apurtuz, bil dezagun historia; batu dezagun gazteria; aktiba dezagun herria; eraiki dezagun Euskal Herria», adierazi zuten atzo Jalgi Hadi Garaipenera taldeko kideek, Saran.

Gaztelako armadak 1512an konkistatu zuen Nafarroa. Gertakari historiko haren harira, gazte mugimenduak nabarmendu du Gaztelak ez zuela lortu orduan burujabetzaren eta herri aske baten aldarria isiltzea. Orduko borroka gogoratuta, adierazi zuten garaia dela borroka horretan bertze «bataila» bat irabazteko: «Garaipenaren bataila».

Urrats bat

Nabarmendu zuten Euskal Herria bat zela Gaztelak Nafarroa konkistatu zuelarik, eta, bostehun urte iraganik ere, bat izateko borondatea duela. Gazte mugimenduak jakinarazi zuen urrats bat egitera doala bide horretan. «Gazteok, mugak hautsiz, urrats bat egitera goaz Euskal Herriaren askatasunaren alde, etorkizuneko jendarte eredu berriaren alde». Saratik Lesakara, gazteek askatasuna irudikatuko dute urratsez urrats, adierazi zutenez.

Jalgi Hadi Garaipenera taldeak azpimarratu du Euskal Herria bat zela 1512an, eta bat dela gaur egun, estatuek inposatu zatiketa administratiboen gainetik. Aske eta burujabe izanen den herri bat eraikitzeko borondatea aldarrikatu du, «egungo zatiketari eta inposaketari aurre eginen dioten gizon eta emakume borrokalariz eratutako herri bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.