Sara Majarenas euskal presoa aske gelditu da gaur, zigorra osorik beteta. Eguerdi aldera irten da azken urtean bizileku izan duen Madrilgo harrera etxetik, eta arratsaldean heldu da Euskal Herrira. Donostiako Intxaurrondo auzoan harrera egin diote, eta lagun ugari bildu dira bertan. Hitza hartzean, Majarenasek eskerrak eman dizkie urteotan eta, batez ere, azken urtebetean hura eta haren alaba babestu dituztenei.
Oihartzun handiko espetxealdia izan da Majarenasena, berak eta alabak jasan duten indarkeria matxista dela eta. Haurraren aita 2 urteko alaba hiltzen saiatu zen.
Erasoa gertatu eta hilbete eta erdira, haurrak 3 urte bete zituen, eta, beraz, ezin zen amarekin espetxean egon. Amarengandik banantzeko arriskua zegoela eta, mobilizazio jendetsuak izan ziren Euskal Herrian, amak eta alabak elkarrekin egoteko aukera izan zezatela eskatzeko.
Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak bigarren gradua onartu zion Majarenasi, eta Valentziako Picassent espetxetik (Herrialde Katalanak) Madrilgo harrera pisu batera lekualdatu zuten, alabarekin batera. Majarenasek harrera etxeko baldintzak salatu izan ditu. "Espetxean nengoenean baino presoago sentitu naiz hemen askotan", adierazi zuen.
Presoak hirugarren gradua eskatu zion Espainiako Justiziari, zigorra Donostian bete eta alabarekin batera bere hirira itzuli ahal izateko; baina epaileek ukatu egin zioten aukera hori.
Bizi izandako egoeraren testigantza eman zuen Majarenasek BERRIAra bidali zuen iritzi artikuluan.
Hamahiru urte eta bi hilabeteko zigorra osorik beteta gelditu da aske.