Euskal Presoak

Sarek dei egin dio Eusko Legebiltzarrari gaixorik dauden presoak askatzeko eska dezan

Espetxe Zuzendaritzaren azken agiria "heriotza zigorra" da gaitz larriak dituzten presoentzat, Sarek salatu duenez. PPk salbu, gainerako taldeek ongi ikusi dute eri dauden presoen aldeko testua adostea.

Sare plataformaren agerraldia Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2017ko maiatzaren 17a
07:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Joseba Azkarraga eta Luis Galdos Sareko ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, gaitz larriak dituzten presoen muturreko egoeraren berri emateko. Sarek legebiltzarrari eskatu dio engaiatu dadin eri dauden presoen egoeraren konponbidearekin, eta salatu dezala, adierazpen baten bidez, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean jarraitzea.

Sareko ordezkariak gaitzetsi dute Espetxe Zuzendaritzaren azken agiria "heriotz zigorra" dela gaitz larriak dituzten presoentzat, eta beharrezkoa dela instituzioak haren aurka agertzea. Agiri horretan jasotzen denez, gaixo dauden presoak aske gera daitezke "beren heriotza ziurtasunez aurreikusten bada oso epe motzera, edo hirugarren gradua edo baldintzapean aske geratzea lortzeko baldintzak betetzen badituzte".

Espainiako Gobernuarentzat, bizitza arrisku agerikoan dago presoa bi hilabeteko epean hil daitekeenean. Azkarragak kritikatu du Madrilek araua "bihurritu" egin duela eta modu "krudelean" interpretatu duela. "Ikuspuntu gizatiar batetik ez da etikoa", azpimarratu du.

PPk izan ezik, gainerako taldeek bat egin dute eri dauden presoak aske uzteko eskaerarekin. Sakabanaketa politika eta "salbuespen legedia" bertan behera uztearen alde agertu dira EAJ eta EH Bildu. PSEk, berriz, espetxe politika "garai berrietara egokitzearen" alde egin du. PPk, ostera, kritikatu egin du legebiltzarrak justiziari "presioa" egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.