Sare herritar plataformak ere Frantziako eta, batik bat, Espainiako egungo gobernuekin ez du itxaropenik euskal gatazkaren ondorioei konponbidea emateko, eta Europara joko du, urte honetan Etxerat euskal preso eta iheslarien senideen elkarteak jo duen bezala. Sarek «pozik» hartu du Parisko bake konferentzia, «bi gobernuei presoen arloan konpromisoa izateko eskatu baitiete», baina azaldu du «bestelakoak» direla bien jarrerak. Hala, udazkenetik aurrera presoen aurkako «giza eskubideen urraketen» berri Europan ere emango du. «Jendea nekatuta dago, nazkatuta konfrontazioan, minean eta sufrimenduan sakondu nahi duten gobernuen eta Justiziaren jarrera jasan behar izateaz».
Bilbon egindako agerraldi batean eman du neurri horren berri Sarek. Urtebete egin du plataformak, eta hainbat lagun ezagunekin batera eman du prentsaurrekoa. Bere aldarrikapenek duten sostengu zabalaren adibidetzat jo du agerraldia. «Baina Euskal Herrian zabaltzen ari garen bitartean, kanpora begira ere jarri gara, bereziki Europara. Espainiako eta Frantziako estatuen burugogorkeriaren aurka borrokatzeko beharrezkoa da. Espainiako Gobernuaren jarrera eta hark Auzitegi Nazionalarekin duen adostasuna salatuz, estatu demokratiko batekin zerikusirik ez duen egoera nazioartera eramateko prozesua bultzatuko dugu».
Etxerat-eko ordezkaritza bat martxoaren hasieran Bruselan izan zen, bi egunez. Europarlamentariekin-eta 30en bat bilera egin zituzten, eta gustura itzuli ziren jasotako harreraz.
«Gogoeta pluralen eta diskrezioz eginiko lanaren ondorioz» sortu zen Sare, «gatazkaren ondorio guztiak amaitzeko eta sufrimendu guztiei so egingo dien konponbidea lortzeko», eta uste du urte hau «mamitsua» izan dela.
Sakabanaketaren amaiera aldarrikatzea, preso gaixoak kaleratzeko eskatzea eta «salbuespeneko» legedia bertan behera uztea galdegitea «giza eskubideen alde lan egitea» dela esan du Teresa Toda eledunak, Bilbon.