Presoak

Sarek salatu du espetxe politikak "eragin zuzena" duela presoen osasunean

Osasunaren nazioarteko egunean, protesta egin dute Nafarroko Ospitaleen Gunean eta Bilboko kaleetan.

Gaur eguerdian Sarek antolatutako elkarretaratzea Nafarroako Ospitaleen Gunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2018ko apirilaren 7a
18:06
Entzun

Aske, Bizirik. Hori zioen Nafarroako Ospitaleen Guneko eraikin batetik eskegi duten pankarta handiak. Gaur eguerdian, presoen osasun egoera salatzeko elkarretaratzea egin du Sarek Iruñean eta Bilbon.

Presoen eskubideen aldeko plataformak gogora ekarri du egun Frantziako eta Espainiako espetxeetan 285 euskal preso daudela, eta horietatik %95i lehen gradua ezartzen zaiela. "Isolamenduak, zigorraren luzapenak eta urruntze politikak zuzenean eragiten diote presoaren osasunari. Ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen ditu".

Egun, 22 presok dute gaixotasun larriren bat, eta, Sareko kideek gogora ekarri dutenez, espetxeak "gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu". Ez dute gertukoen babesa, ez dituzte bizi baldintza duinak, eta konfiantzazko mediku batek ez ditu aztertzen. "Espetxeetako osasun baldintzak kaxkarrak eta medikuen jarrerak zein baliabide faltak eragin negatiboa dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen", salatu dute.

Hogei hildako espetxeetan

Sareko kideek nabarmendu dute egoera guzti horrek ondorio zuzenak dituela, 1980tik hogei preso hil baitira espetxean eta beste hamar espetxetik irten eta gutxira. Azken kasua Xabier Rey iruindarrarena izan da. "Salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean eskubide urraketa honen ondorio lazgarriei aurre egiten jarraituko dugu".

Sareren arabera, presoei osasunerako eskubidea ezin zaie ukatu, eta ezin da onartu "segurtasunaren aitzakia pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik". Horregatik gizarteari zein eragile sozial, sindikal eta politikoei eskatu diete inplikatzeko eta laguntzeko, "behin betikoz, presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.