Euskal presoak

Sarek salatu du euskal presoen eskubideen urraketa ez dela eten

Preso, iheslari eta deportatuen «egoera normalizatzeko» manifestazioa egin dute gaur, Donostian. Fiskaltzak «elkarbizitza zangotrabatzen jarraitzen» duela salatu dute martxan egon direnek.

Sareren gaurko manifestazioa, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2023ko abuztuaren 19a
15:11
Entzun

Espetxe politikan aldaketak egon dira azken urteotan, baina 34 urtez iraun duen urruntze politika gainditzeak «ez du berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketak amaitzea». Horrela salatu du euskal presoen aldeko Sare Herritarrak, Donostiako Aste Nagusian egindako manifestazio jendetsu batean. «Fiskaltzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren laguntzaz, oztopoak jartzen jarraitzen du legedi arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean, elkarbizitza zangotrabatuz», azaldu dute Sareko kideek. Elkarteak euskal herriko zein jaietako zenbait eragilerekin batera antolatu du mobilizazioa. «Tamalez, oraindik ere mobilizazio honetara deitu beharrean gaude, oraindik ere badelako zer egina euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera normalizatzeko bidean», esan dute antolatzaileek.

Donostia bor-bor zegoen eguerdian eguraldi eguzkitsua lagun, eta turista andanak hartutako erdiguneko kaleetan barna joan da presoen aldeko martxa. «Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea da», esplikatu du Sarek ohar baten bidez, mobilizazioa amaitu eta gero. «Dagokien eskubideak lortzeko unea da, etxerako bidea legeak dioen ibilbideari jarraituz pausoz-pauso egin dezaten».

Hala, Aste Nagusiko jai giroak erreibindikazioa izan du alboan Etxera bidea gertu leloa zuen pankartak zabaldutako martxarekin. Bulebarretik abiatu da manifestazioa, eta, erdiguneko kaleak zeharkatu ondoren, portuan bukatu da, Donostiako Piraten jai eremuan. «Elkarbizitzan aurrerako urratsak emateko, konponbidean jarri behar dugu preso, iheslari eta deportatuen auzia. Eta helburu hori errealitate izan dadin, den-denok behar zaituztegu», esan dute bukaeran: «Gaur olatua izan gara Donostian, etxeratzearen aldeko olatua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.