Frantzia

Sarkozy poliziaren zaintzapean da, ustezko legez kanpoko finantzaketa dela eta

Libiako gobernutik jasotako diruaren bidez 2007ko hauteskunde kanpaina legez kanpo finantzatu ote zuen ikertzen ari da Justizia.

jarraia149917.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 20a
17:19
Entzun

Nikolas Sarkozy Frantziako polizia judizialaren zaintzapean da gaur goizetik, 2007ko hauteskunde kanpaina legez kanpo finantzatu ote zuen argitzeko. Hauteskunde horietan gailenduta, Frantziako Gobernuko presidente izendatu zuten. Justizia ikertzen ari da kanpaina horretarako Libiatik legez kanpoko finantzaketa jaso al zuen. Nanterren ari da deklaratzen.

Sarkozyk 48 ordu eman ditzake poliziaren zaintzapean, epailearen aurrean deklaratu aurretik.

Mediapart hedabideak argitaratu zituen informazio batzuen harira abiatu zuen ikerketa Justiziak. Informazio horien arabera, Sarkozyk legez kanpoko finantzaketa erabili zuen 2007ko hauteskunde kanpainarako, Muamar Gadafi orduko Libiako presidentearen gobernuaren bidez.

2016ko azaroan, Alderdi Errepublikanoa hauteskunde primarioetan zela, Ziad Takieddine bitartekariak adierazi zuen Tripolitik bost milioi euro jaso zituela eskudirutan eta Parisera eraman zituela, 2006ko amaiera eta 2007ko hasieran, Sarkozyri helarazteko. Orduan Frantziako Barne ministro zen Sarkozy.

Takieddinek esandakoak bat etorri ziren 2012an Abdula Senusi Gadafiren inteligentzia zerbitzuetako zuzendari ohiak Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren aurrean deklaratu zuenarekin. "Atzerriko erakunde publiko batekin lotutako ustelkeria" eta "Libiako diru publikoaren erabilera bidegabea" leporatu zizkioten.

Horrez gain, Frantziako Justiziak Gadafiren gobernuko Petrolio ministro izandako Choukri Ghanemen agenda eskuratu zuten, Ghanem 2012an argitu gabeko baldintzetan hil ondoren. Agenda horretan Sarkozyri eginiko ordainketen oharrak agertu ziren.

Frantziako Justiziak zantzu berriak ditu Sarkozyren 2007ko kanpainaren ustezko legez kanpo finantziaketarekin lotuta. Le Monde egunkariak adierazi duenez, Gadafiren gobernuko zenbait agintari ohik auziaren gaineko informazio gehiago jakinaraztea erabaki dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.