Sarkozyk ez du berretsiko Europako Ituna

Hizkuntza gutxituen aldeko lege bat onartzea Europako Ituna baino eraginkorragoa izan daitekeela adierazi du

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
«Hizkuntza gutxituak maite direlarik, ezin da proposatu Europako Ituna berrestea, horren helburua ez baita hizkuntza gutxituen iraupena bermatzea,gutxiengo orori hizkuntza eskubideak onartzea baizik, Europako epaile baten esku utziz horrek nahi dituen deliberoak har ditzan, Frantziaren historia eta ohitura errepublikanoak kontuan hartu gabe». Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak egin zituen adierazpen horiek joan den igandean, Bretainian. Hizkuntza gutxituak Frantziarentzako arrisku ez direla azaldu zuen, Frantziaren ondarea osatzen duten aberastasun baizik.

Frantsesaren eta hizkuntza gutxituen arteko lehiarik ez dela sortu behar nabarmendu zuen, mendeetan Frantziaren batasuna eraikitzeko tresna izan delako frantsesa. Horretan oinarrituz, adierazi zuen ez duela nahi Frantziak Europako hizkuntza gutxituen ituna izenpetzea. «Eskualde hizkuntzak» bermatzeko eta garatzeko borondatea duela erran zuen Sarkozyk, baina ohartarazi zuen ituna berresteak ondorioak ukan ditzakeela Frantzian. «Ez dut nahi etorkizunean Europako epaile batek erabakitzea eskualde bateko hizkuntza Errepublikaren hizkuntza dela, frantsesaren mailan ezarriz».

Sarkozyk uste du indarrak hezkuntza arloan suspertu behar direla hizkuntza gutxituak bermatu eta garatu ahal izateko. Bide hori indartzeko lege bermeak behar direla adierazi du. «Hizkuntza gutxituen onarpena eginen duen lege baten aldekoa naiz, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetzea baino eraginkorragoa delako». Lege horrek hizkuntza gutxituetan irakasteko trabak kendu eta baliabideak bermatu beharko lituzkeela uste du Sarkozyk. Aderazi du gurasoek nahi dutelarik eta eskaria badelarik eskubidea gauzatu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.