Hezkuntza itunerako bidea (I). Lantaldearen ibilbidea.

Saskirako zumeak badira

Legebiltzarkideak lanean ari dira Eusko Jaurlaritzaren datozen urteetarako Hezkuntza Legea zein oinarriren gainean eraikiko den adosteko. Lantalde bat eratu zuten, eta hark amaitu du bidea. Horretan esandakoak aintzat hartuta, ituna ontzea dagokie. Datozen egunetan gako nagusiak xehatuko ditu BERRIAk.

BERRIA.
gurutze izagirre intxauspe
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun

Oinarri bat behar du itunak, sendoa, geroko Hezkuntza Legearen zutabe nagusienak bilduko dituena. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurtengo politika orokorreko eztabaidan esan zuen Hezkuntza Lege bat onartu nahiko luketela datorren urterako, eta horretan ari dira Eusko Legebiltzarrean. Hezkuntza Legea idazterako, zoru komun bat adostu nahi dute. Hitzarmen horretarako batzorde txostengile bat osatzea proposatu zuten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk. Elkarrekin Podemos-IUk babestu egin zuen proposamena, eta PP-Ciudadanos abstenitu egin zen. Urriaren 15ean onartu zuten, eta azaroan jarri zen martxan batzordea. Iragan astean amaitu zituen lanak.

Alderdiek proposatuta, hamaika eragile igaro dira hezkuntza batzordetik. Aditu, ikerlari eta hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile, langile, sindikatu eta beste. Bi arazo nagusi hartu dituzte ahotan: segregazioa eta hizkuntzaren normalizazioa.

Atzerrian jaiotako haurren %70 sare publikoan daude, eta A eta B ereduetan pilatzen dira gehienak. Halaber, adituek azaleratu dute maila sozioekonomikoaren arabera banaketa bat badagoela. Desberdinkeria sustatzen du eredu horrek, eta lantaldeetan parte hartu duten eragileek hainbat formula proposatu dituzte horri aurre egiteko: doakotasuna eta ikasleak ikasgeletan modu ekitatiboan banatzea, besteak beste.

Horren harira, Errenteriako Udalaren (Gipuzkoa) eskola kontseiluaren funtzionamendua azaldu zuten. Herriko ikastetxe guztiak elkartzen dituen kontseilu bat osatu dute. Hilean behin elkartzen dira udalarekin, arazoak partekatu eta konponbideak proposatzeko, premisa honen gainean: kohesionatzailea eta ez-segregatzailea izango den eredu baten gainean egiten dute lan, berdintasunean, justizia sozialean eta ekitatean oinarrituta.

Hizkuntza ereduarena izan da eragile gehienek aipatu duten beste gaia. Gipuzkoan, DBHra bitartean, %80k baino gehiagok aukeratzen dute D eredua; batxilergoan ez dira %80tik pasatzen. Bizkaian, %70etik gorakoa da batxilergora bitartean; batxilergoan %65era jaisten da. Araban, %64 inguruk ikasten dute batxilergoa bitartean D ereduan; batxilergoan %56ra gutxitzen dira. Gehienek ondorioztatu dute D ereduak bide bat egin duela, baina ez dela nahikoa izan. Kezka agertu dute D ereduak ez duelako bermatzen euskalduntzea, eta eskolak bakarrik ere ezin duelako euskaldundu: ekosistema indartsu bat behar du.

Euskalduntzea

Eragile hauek euskarazko eredurantz egiteko eskatu zioten Jaurlaritzari, agerraldi batean: Ikastolen Elkartea, EHIGE, Hik Hasi, Kristau Eskolak, HEIZE, ELA, LAB eta Steilas. Gehiengo sindikalak, itunpeko ikastetxe nagusiek eta sare publikoko zuzendarien eta gurasoen elkarte nagusiek egin zuten eskaera, Kontseiluaren gidaritzapean. Eskatu zuten ikasle guztiei euskara gaitasun «egokia» bermatuko dien eredu bat, orokorra, eta inklusiboa. Tokian tokiko planak beharko dira, egoerara egokitutakoak eta progresiboak. Azpimarra honetan jarrita, ordea: egoera diglosiko batean, hizkuntza gutxitua bermatzeko eta arnasa hartu ahal izateko eredu bakarra da posible: euskara lehenetsiko duena.

Amaia del Campo Barakaldoko alkatea ezin argiagoa izan zen lantaldean hitza hartu zuenean. Barakaldon, eskolan euskaraz egiteko zailtasunak dituzten ikasleentzako bi programa dituzte: 40 talde ari dira parte hartzen, beharrik handiena duten ikasleek gaitasuna hobetu dezaten: «Baina odoljario bat tirita batekin tapatzen ari gara», esan zuen Del Campok. Egiturazko aldaketa behar da, horrenbestez.

Ideia hori nagusitu da lantaldean parte hartu duten adituen ahotan ere. Juan Ignacio Perez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia harago joan zen; ez hizkuntza bakarrik, eduki curricularrean euskal kultura lantzearen garrantziaz jardun zuen: «Guk ez badugu egiten, beste inon ez da egingo».

Hezkuntza komunitatea eta eragile nagusien eskaerak aintzat hartuko badira, akordioaren dokumentuak era batera edo bestera bi korapilo horiei heltzeko proposamenak bildu beharko ditu. Arduradun politikoei erantzukizuna eta ausardia eskatzen die murgiltzearen aldeko apustuak, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako murgiltze ereduaren aurka ebatzi berri duenaren itzala handia baita —Katalunian, eskolen %25 gaztelaniaz ematera behartu ditu—.

Profesionalen formakuntza

Halaber, hizpide izan dira langileen lan baldintzak, eta baita horien ebaluazio jarraitua ere. Beñat Amenabar EHUko Hezkuntza fakultateko dekanoak esan zuen irakasle lanbiderako sarrerak «berrikuspen sakon bat» behar duela. Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekano Maria Isabel Arizetak prestakuntza jarraituaren alde egin zuen: «Karrera ezin da amaitu lanpostu finko bat eskuratzean: etengabeko prestakuntza behar da».

Lantaldetik igaro diren zenbait eragilek beste gai batzuk aipatu dituzte: hala nola digitalizazioa, zentroen titulartasuna, publikotasuna, kudeaketaren deszentralizazioa, zentroen autonomia falta, euskal curriculumaren mugak, burujabetza, ikasleak subjektu gisa hartuak izateko eskaera...

Hurrengo hamarkadetako gizartea islatuko duen eredu bat eraikitzeko zutabeak jartzera doaz, beraz. Hezkuntza Legea idazterako, Eusko Legebiltzarrean gehiengoa duten alderdiek akordio bat ondu nahi dute. Adostasunaren izenean betoak jartzeak egungo ereduen betikotzea ekar dezake. Zumeak badituzte, eta, akordioak bide bat egingo badu, lantaldetik igaro direnen eskaerak jaso beharko dituzte, komunitate horrek aplikatu behar duelako gero legean jasotakoa. Zumeekin egiten baita saskia.

Jarraitu irakurtzen: Hezkuntza itunerako bidea testu bilduma

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.