Seaskak salatu du aurten ere ikasleek ez dutela Baxoa euskaraz egiteko paradarik

Eskola publikoetako langileek mobilizazioak egin dituzte zentroetan, eta ehundik gora bildu dira Baionako karriketan

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Seaskak bat egin du lizeoko ikasle eta gurasoen mugimenduarekin, eta ostegun honetarako elkarretaratzea iragarri du Baionako Etxepare lizeoaren aitzinean. Seaskak salatu du aurten ere ikasleek ez dutela baxoa euskaraz egiteko paradarik ukanen. Azken urteotan zenbait ikasgai euskaraz egiteko aukera aztertuko zuela jakinarazi zuen Frantziako Hezkuntzak, baina, orduko hitzak jan, eta ikasketa guztiak euskaraz burutu dituzten ikasleak, bertze behin ere, baxoa frantsesez egitera behartuko dituzte. Euskal Konfederazioak, Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak bat egin dute deialdiarekin.

Teknikoki azterketak euskaraz egin eta zuzentzeko arazorik ez dagoela adierazi du Seaskak; Brebeta azterketa egiteko, adibidez, trabarik ez da egon azken hogei urteetan; eta gutxiago Frantziako Hezkuntzak, EEPk eta Seaskak egin lanaren ondotik. Teknikoki posible izanik ez bada gauzatzen horren arrazoia borondate politikoa dela dio Seaskak. Euskarari trabak jartzen zaizkiola, alegia.

Nabarmendu du eskubidea dela euskaraz ikastea eta azterketak euskaraz egitea. Osteguneko mobilizazioa sostengatzeaz gain, martxoaren 31n Baionako karriketan egingo den Deiadar manifestazioan parte hartzera ere deitu du Seaskak.

Protestak eskola publikoan

Eskola publikoko hainbat sindikatuk protestak egin zituzten atzo; kari horretara, eta SNUipp-FSU sindikatuak deiturik, ehun eta berrehun irakasle inguru bildu ziren Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Grebak oihartzun ahula ukan zuen.

Baionan ez ezik, Hendaian ere mobilizazioa egin zuten Lanbide Ikastetxeko irakasle eta gurasoek. Hiru lanpostu galduko dituzte heldu den eskola sartzean, eta bertako irakasle bat gose greban sartu da, baliabide murrizketa salatu eta eskola publikoaren bermea defenditzea eskatzeko.

LABek ez du bat egin greba deialdiarekin, deialdia bera egiteko arrazoiak aintzat hartzen baditu ere. LABek nabarmendu du Frantziako Gobernuak eskola publikoan 12.650 lanpostu kenduko dituela heldu den urtean eta 1.350 eskola pribatuan. 85 irakasle postu kenduko dituzte Pirinio Atlantikoetako eskola publikoetan. «Diskriminazio sozialaren tresna bilakatzen ari da eskola, eta murrizketa horien kontra borrokatu behar dugu».

Eraginkor izateko, ordea, greba ez dela behar bezala prestatu jakinarazi du LABek, eta horregatik erabaki du deialdiarekin bat ez egitea. Indar harremana antolatzera deitu du LABek; egun bateko greba eta mobilizazio bakanak gainditu eta «mobilizazio jarraiki, orokorrak» antolatu behar direla azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.