Tarte horretan, estatutuak findu eta sarea sakontzen segitzea dute xede. Baina, halere, oinarriak finkatuak dituzte. Hau da, Seaskari dituen arazoei aurre egiten laguntzeko diru iturri berriak aurkitzea. Dela zerga dohaintzen bidez edo beste mota anitzetako ekimenen bidez. Goizean Kanbora joan direnek ez dituzte ideiak eskas. Baina argitu dutena da, baita, Seaska lagundu nahi duen edonori irekia dela elkartea, eta diru iturriak lortzeko ideia guztiak aztertzeko prest direla. Edozertarako harremanean jarri nahi duenak helbide elektronikoaren bidez egin dezake, edo Facebooken.
Ikasle ohien ekimen batetik abiatu da elkartearen ideia. Ikasle ohiek Seaskari "milesker" erraiteko, ekimenaren bultzatzaile izan den Patxi Bergarak esplikatu duenez. "Seaskaren laguntza izan dugu ikasketak euskaraz egin ahal izateko. Gurasoek ikastolak sortu dituzte. Orain, gure aldi da, guri dagokigu horien garatzea". Eta bide batez, galdu lotura berriz josteko asmoz. Ideia horrekin segitzekoa du elkarteak.