Segiko zortzi kideak etxean babestuko dituzte hautetsiek

Bukatu da astelehenean Izpuran hasi zuten itxialdia. Antolatzaileak pozik agertu dira izan duten sostenguarekin

Eneko Etxegarai Urain.
Izpura
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Duela aste bat Segiko zortzi militanteren kasua salatzeko eta sostengua lortzeko Izpuran hasi itxialdia atzo bukatu zen. Jakinarazi dute itxita egon diren gazteek bizitza publikoa egingo dutela hemendik aitzin. Segiko zortzi kideak beren etxeetan babestea erabaki dute hautetsi batzuek.

Aste osoan hainbat hautetsi, eragile, alderdi politiko, elkarte eta sindikaturen bisita izan dute gazteek. Besteak beste, ELB sindikatuko Christian Harluxet eta Panpi Sainte-Marie ordezkariak, Annick Coupe Sud Solidaireko bozeramaile nazionala, Christinne Bessonart Auzapezen Biltzarreko lehendakaria eta Frantxua Lanbert Izpurako auzapeza izan dira haiekin. Azken hori preseski eskertu zuten, herriko gela uzteagatik.

Kantonamenduetako hauteskundeak laster izateak ere eragina izan zuen eta zenbait hautagai itxialdira hurbildu ziren. Haien artean, EHBai plataformako Daniel Olzomendi, Dominique Bacho eta Peio Menta hautagaiak,Jean Marie Mailharo Forces 64 talde zentristaren Garazirako hautagaia, Pako Arizmendi Garaziko kantonamendurako EAJko hautagaia, Hazparneko kantonamenduko Front de Gaucheko Jean-Paul Bire edota NPA alderdiko Atharratzeko kantonamenduko Marc Leroy eta Carrasquedo Françoise hautagaiak.

Amaia Elixiri Segiko bozeramailearen hitzetan, «bilan biziki positiboa» egiten dute eta eskertu egin dituzte lanean ibili diren militanteak zein babesa erakustera etorri diren ehunka pertsonak. «Sostengu hori lorpen politiko bat da guretzat. Iruditzen zaigu pauso bat aitzina egin dugula, gazte hauei babesa eskainiz naziotasunaren debatea bukatzen dugulako».

Aurore Martinen kasua ere gogoan izan dute, eta oroitarazi zortzi gazte hauek ere Aurore Martin bezala ezker abertzaleko militanteak direla eta horregatik direla «jomugan».

Ihes egindako zortzi militanteen izenean, Endika Gomez Perez gazteak hartu zuen hitza. «Hemendik Frantziako Estatuari eta Espainiakoari mezu bat helarazi nahi diegu: ez dugu beldurrik zuen aurrean agertzeko; gu militante politikoak gara; gure ekinbidea herriak zilegitzen duen bitartean, zuek zarete biolentzia erabiltzen duzuen terroristak». Eta azpimarratu zuen gazteak «kriminalizatuta» daudela lau haizeetara zabaldu dutela itxialdian egon diren bost egunetan, «militantzia politikoa aldarrikatu eta praktikan jarriz». Argi utzi nahi izan zuten itxialdia «hasiera» besterik ez dela; «errepresioaren kontra eta Euskal Herri libre baten alde urratsak egiten jarraitu beharko dugu, garaipenaren egunera arte borrokatuz».

Ehunka pertsona joan zaizkie aste osoan. Senide, lagun zein ezezagunak, denak beren sostengua ekartzeko asmoz. Bost egunez antolaturiko ekimenak gogorarazi zituzten. Elixirik akordura ekarri zuen torturari buruzko eztabaida bat izan zutela astearte gauean, eta parada izan zutela «isilean den gai hori mahai gainean jatzeko». Herenegun gazte mugimenduari buruzko eztabaida izan zuten; «gazteriaren aniztasunaz ohartzeko aukera eman zigun».

Informazio zabalagoa gaur Kanbon euroaginduaren kanpainaren barnean antolatua den kantaldiko ekitaldian emango dute, 21:30ean.Jendeari mobilizatzeko deia egin diote. Martxoaren 5ean ekitaldia egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.