Uholdeak. Felix Bariain. UAGNko presidentea

«Segurtasuna bermatu behar da, gure lana ere arriskuan dela ahaztu gabe»

edurne elizondo
Iruñea
2015eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Haserre dago UAGN sindikatuko presidente Felix Bariain (Iruñea, 1970). Ibaiei so eman zuen atzoko eguna, eta erakunde jakin bati egotzi dio urak gainezka egin izanaren ardura: Ebroko Ur Konfederazioari. Xavier de Pedro presidenteak dimisioa eman dezala eskatu du. Segurtasuna eta nekazarien lana ingurumenaren gainetik direla erran du.

Zergatik nahi duzue De Pedrok kargua uztea?

Tamalgarria delako haren kudeaketa. Ezin txarragoa. De Pedrok ezin du bere karguan jarraitu. 2013ko eta 2014ko uholdeek eragindako kalteak ez dizkigute ordaindu, oraindik, eta ura soroetan dugu, berriz ere.

Ibaiek lehen baino gehiagotan egiten dute gainezka orain, salatu duzuenez. Zergatik?

80ko eta 90eko hamarkadetan hamar urtean behin edo izaten genituen uholdeak; 2006tik bi urtean behin gertatu dira, eta 2010etik, berriz, urtero. Eta arrazoia da ibaiak ez dituztela garbitzen. Aspaldi ez dut nik Ebron makinarik ikusi ibaiaren bidea eta inguruko landaretza garbitzen. Europan egiten dute hori, eta ez dut uste gu baino ekologista txarragoak direnik. Datu bat bertzerik ez dugu kontuan hartu behar: 2003an 3.300 metro kubo segundoko emaria behar zuen Ebrok, bidetik ateratzeko. Orain, 1.500 metro kuborekin kanpoan da. Hau da, hamabi urtean bere emariaren erdia hartzeko gaitasuna galdu du ibaiak. Hori ezin dugu onartu, egoera horrek guri egiten digulako kalte. Iparraldeko ibai guztiek egin dute gainezka. Pertsonen segurtasuna bermatu behar da, lehendabizi, nekazarion bizimodua ere arriskuan dela ahaztu gabe. Hori hartu beharko lukete kontuan, ingurumen politiken gainetik.

Gizakion jarduerek ibaiaren bideari lurra kendu izanak zer eragin izan dezake?

Nekazari batek ez dagokion lurra hartzen badu, sala dezatela. Zuhaitz bat mozten bada berehala dago konfederazioa gainean. Kontua da konfederazioak ez duela bere lana egiten, eta horren ondorio da oraingo egoera.

Nolakoa da egoera?

Hagitz larria. Ura bere bidera itzuli eta gero bertze bi hilabete beharko ditugu nekazariok lanean hasi ahal izateko. Horrek erran nahi du denbora horretan jaso beharko genukeena galduko dugula, orain uraren azpian gelditu diren barazkiekin batera. Neguko barazki guztiak galdu ditugu. Ebro ondoko herrietan izan dira kalterik handienak, Mendabian, Castejonen, Cadreitan, adibidez. Eta okerrena datozen egunotan etorriko da. Aseguru etxeek zerbait ordainduko dute, baina ez dena.

Nafarroako Gobernuak lagundu du?

Konfederazioari eskatu dio ibaiak garbitzeko. Eta ematen du konpromiso hori hartu duela orain erakunde horrek. Ea egia den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.