ETAk ekintza armatuak uztea erabaki ostean, alderdien segurtasunerako bideratutako 200.000 euroak kentzea proposatu du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Diru hori datorren urteko aurrekontuetatik kendu nahi du Aresek, eta emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako jardueretarako erabiltzea proposatu du. PPk jakinarazi du berak ez duela proposamena onartuko, «goiztiarra eta presazkoa» iruditzen zaiolako diru hori guztia batera kentzea.
Eusko Legebiltzarreko batzordean egindako agerraldian Aresek azaldu zuen bere sailean datorren urterako aurtengorako baino %6,7 diru gutxiago dagoela: «Gutxiagorekin gehiago egiten ari gara», azpimarratu du. Hori kontuan izanda, eta ETAk armak uztea erabaki duela jakinda, diru kopuru hori kentzearen alde dago sailburua. Hala, beren lehentasuna «bakea, askatasuna eta elkarbizitza eraikitzea» dela azpimarratu du.
Bizkartzainen zerbitzua ere murriztu egin du Jaurlaritzak, eta, horrekin, 52 milioi euro aurreztuko dituzte. Gastu hori, urtea aurrera joan ahala gehiago gutxitzea ere espero du Herrizaingo Sailak, zuzenketak aurkeztuta. Gaur egun indarrean dituzten hainbat kontratu «egokitu» egin behar direla, eta enpresekin akordioak egin behar direla esan du. Izan ere, ez du espero ETAk armak uzteko erabakian aldaketarik gertatzerik.
«Indarkeria terroristak» eragindako pertsonei laguntzeko aurreikusitako dirua ere gutxitu nahi du Aresek, hain justu, %83. Alderdiei eta elkarteei ematen zaizkien laguntzak ere murriztu nahi ditu Jaurlaritzak. «Terrorismoa behin betiko amaitzen ari garenean, pentsatzekoa da elkarteek ere euren jarduera egokitu egin beharko dituztela». Horregatik, laguntzak «gastu errealaren» araberakoak izatea nahi du.
Nolanahi ere, eta aldaketa horiek proposatu arren, oraindik «zuhurtasuna» mantendu behar dela uste du Aresek.
Segurtasunerako laguntzak gutxitu nahi ditu Aresek
Alderdien segurtasunerako, 200.000 euro banatu izan ditu Eusko Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu