Emakumeen kontrako indarkeria

Sei gizon atxilotu dituzte Bilbon eta Donostian, emakumeen aurkako indarkeria egotzita

2010eko abuztuaren 30a
18:55
Entzun 00:00:0000:00:00
Ertzaintzak azkeneko egunetan lau gizonezko atzeman ditu Bilbon, euren neska-lagunak edo bikotekide izandakoak jo izana egotzita. Eta atzo, Donostiako Udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu zituen, emakumeen aurka indarra erabili dutelakoan.

Atzo 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, emazte ohia jotzea eta harengana hurbiltzeko galarazten dion agindua urratzea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako azalpenen arabera, atzo arratsaldeko seiak inguruan emakume bat Abando auzoan erasoa jasaten ari zela jakinarazi zieten. Esandako lekura joan zirenean, aurpegian kolpe arrastoak zituen emakume bat aurkitu zuten eraikin baten atarian, eta agertu zien etxetik irtetzean senar ohia zain zuela atarian, eta eraso egin ziola. Senar ohia atari barruan aurkitu zuten ertzainek, eta, halaber, ikusi zuten emakumearengana ez hurbiltzeko agindua zuela. Atxilotu egin zuten.

Ostegunean atxilotu zuten beste gizon bat, Luis Briñas kalean -E.J.O.S., 33 urte-, bikotekide izandakoa jo zuelakoan -31 urtekoa-. Emakumezkoak berak sartu zuen parte, hark begian zartakoa eman ziola esanda. Ustez neskaren lagun bat ere jo zuen gizonezkoak.

Barikuan Errekalde auzoan 20 urteko mutil bat atzeman zuten ertzainek -B.A.S.C.-, neska-lagunari hortzaka egin ziola leporatuta. 21 urte dauzka biktimak.

Larunbatean Luis Iruarrizaga kalean 24 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, bikotekideari zaplastekoa eman ziolakoan. 19 urte ditu neskak.

Gaur jakinarazi denez, Donostiako Udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu zituen atzo Donostian. Bati bere bikotekideari iseka eta mehatxu egitea leporatu diote, eta besteari, bere bikotekidea jotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.