Sei gizon atxilotu dituzte genero indarkeriagatik

Ertzaintzak hiru pertsona atzeman ditu Bilbon, eta bana Donostian, Laudion eta Gasteizen

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Ertzaintzak sei lagun atxilotu ditu azken orduetan, emakumeen kontrako indarkeria leporatuta. Ostiralean hiru gizonezko atxilotu zituen, beste horrenbeste genero indarkeriako kasurengatik, Donostian, Gasteizen eta Laudion (Araba), eta atzo goizaldean, berriz, hiru pertsona atzeman zituen Bilbon, delitu bera egotzita.

Gasteizko polizia etxeko agenteek 21 urteko gazte bat atxilotu zuten ostiral eguerdian, partekatzen duten etxebizitzan, eztabaida baten ondoren bikotekideari eraso egitea egotzita. Ordu batzuk geroago, 32 urteko gizon bat atzeman zuen Ertzaintzak Laudion. Poliziak emandako informazioaren arabera, heriotza mehatxuak egin zizkion bikotekideari, baita buruan kolpeak eman ere.

Atzo goizaldean, bestalde, Ertzaintzak atxilo eraman zuen 35 urteko gizonezko bat Donostian, genero indarkeriako delitu bat leporatuta. Poliziak jakinarazi zuenez, Ertzaintzaren patruila bat Amara auzoko Ferrerias plazara iritsi zen, partikular baten abisuari kasu eginez. Bikotearengana hurbildu zirenean, ertzainek ikusi zuten gizonezkoak lepotik heltzen ziola emakumeari, astintzen zuen bitartean. Gizona geldiarazi egin zuten, nahiz eta horrek erresistentzia erakutsi, eta polizia etxera eraman zuten.

Hiru atxiloketa Bilbon

Bilboko Ertzainetxeko agenteek, berriz, hiru pertsona atxilotu zituzten atzo goizaldean, genero indarkeriako delitua leporatuta. 04:00 aldera, Ertzaintzaren patruila batek, Bizkaiko hiriburuko etxebizitza batera joan, eta 46 urteko gizon bat atzeman zuen. Bikotekideari eraso egin izana leporatu, eta atxilotu egin zuten.

Hiru ordu geroago, 07:00etan, kaleko jantzitako segurtasun patruila batek 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Zazpikaleetako Artekale kalean. Bikotekideari eraso egin eta hainbat ostiko eman izanagatik eraman zuten polizia etxera.

Azkenik, goizeko bederatziak inguruan, Ertzaintzako agenteak Gutierrez Abascal kalera joan ziren, eta han bikotekidearekin furgoneta batean bizi den emakume bat identifikatu zuten. Emakumeak ertzainei jakinarazi zienez, bikotekideak hainbat kolpe eman zizkion buruan, baita ostikoak gerri eta bular aldean ere. Ertzaintzaren arabera, poliziek ikusi zuten emakumeak aurreko eraso batzuen ondorioz eragindako zauriak ere bazituela aurpegian. 38 urteko gizonezkoarekin hitz egin ondoren, atxilotu egin zuten, genero indarkeriako delitua leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.