Urtarrilaren 21ean izan zen lehenbiziko heriotza: birusarekin eri zen 85 urteko emakumezko bat zendu zen egun hartan. Ordutik, eraikin berean gertatutako beste lau heriotzaren berri eman du Osakidetzak azken asteetan, eta gaur jakinarazi du seigarren kasua Osasun Sailak. Gainera, birusaren agerraldia atzeman ondotik, Osakidetzak baheketa bat egin zuen bizilagunen artean beste kasu positiborik ba ote zegoen jakiteko: test horietan, hildakoez gainera, 33 pertsonari atzeman diete COVID-19a. Guztira 65 familia inguru bizi dira eraikinean.
Birusaren agerraldiaren zergatiak zein diren jakiteko lanean ari da Osasun Saila, eta zenbait hipotesi ari dira aztertzen. Besteak beste, birusa azkar transmititzea ekarri duen superkutsatzailerik dagoen jakiteko ikerketa abiatu dute. Bestalde, esplikatu dute eraikineko eremu komunek duten aireztapen eskasa ere izan daitekeela agerraldiaren arrazoietako bat.
«Ezin da beti garaiz iritsi»
Azken asteotako gertakariak ikusirik, larri daude eraikineko bizilagunak. Egoerak «oso kezkatuak» dituela onartu dute auzokide batzuek, eta, era berean, salatu dute administrazioak ez duela eman egoerari buruzko argibide nahikorik.
Kontrara,Sagarduik esan du Osakidetzak «azkar» jokatu duela, eta argudiatu du birusaren agerraldiaren berri izan bezain laster ekin ziotela baheketa prozesuari. Gainera, erantsi du Osakidetzaren aztarnari sareari esker lortu zela agerraldia detektatzea, eta azaldu du horrek agerian uzten duela aztertze lanak eraginkorrak direla. Hala eta guztiz ere, sailburuak aitortu du «ezin dela beti garaiz iritsi».