Sei urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, prostituzioan aritzera behartutako adingabe bat bortxatzeagatik

Neskak ihes egin zuen Nafarroako Gobernuaren harrera zentro batetik. Ama-alaba batzuek prostituzioan aritzera hertsatu zuten, eta Nafarroako Auzitegiak zigortu egin ditu.

Nafarroako Probintzia Auzitegiaren egoitza, Iruñean, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako justizia auzitegiaren egoitza, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 8a
13:15
Entzun

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio 45 urteko gizon bati, 14 urteko neska bat bortxatzeagatik eta prostituzio delitu batengatik. Zehazki, lau urteko espetxe zigorra ezarri dio sexu abusuarengatik —neska bortxatu egin zuen—, eta beste bi urtekoa prostituzio delitu batengatik. Zigorra arindu egin diote gizonari, epaiketaren aurretik, kalte ordain gisa, 600 euro jarri dituelako. 8.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio neskari. Zigorrari buruzko akordioa lortu dute fiskaltzak, akusazio partikularrak —Nafarroako Gobernua— eta defentsak.

2022ko abenduaren 4an, neska adingabe horrek eta 13 eta 14 urteko beste bik ihes egin zuten Nafarroako Gobernuaren harrera zentro batetik —haren tutoretzapean baitzeuden—, eta ezagun baten etxera joan ziren. Etxe horretan bizi ziren 68 urteko emakume bat eta haren 43 urteko alaba. Alaba horrek adingabeetako bat ezagutzen zuen, semearen ikaskidea zelako. Neska lehendik egona zen etxe horretan, eta noizbait lotan ere gelditua zen bertan.

Ama-alabek hiru neskei esan zieten etxe hartan geratu nahi bazuten prostituzioan aritu behar zutela. Bi neskak uko egin zioten proposamenari; hirugarrenak, ez. Etxeko alabak adingabe horren argazkiak bidali zizkion gizon bati, sexu harremanak izatea eskainiz; gizonak onartu egin zuen, eta ama-alaben etxera joan.

Bi egun geroago, gizon hori bera ama-alaben etxera bueltatu zen, berriz ere adingabearekin sexu harremanak izateko asmoz. Neskak uko egin zion, baina gizonak, epaiaren arabera, «indarrez eutsi zion», eta bortxatu egin zuen.

Probintzia Auzitegiak ama-alabak ere zigortu ditu: hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio bakoitzari, hiru adingabe prostituziora bultzatzeagatik —urtebete adingabe bakoitzeko—, eta alabari beste hiru urteko zigorra ere ezarri dio, gizonaren bortxaketan ezinbesteko laguntzaile izateagatik. Zigorrak arindu dizkie buruko nahasmenduak izateagatik. Amak ez du espetxera sartu beharko. Kartzela zigorra eten egin diote behin-behinean, bi urterako, bi baldintzarekin: 1.314 euroko isun bat ordaintzea eta epe horretan beste deliturik ez egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.