Espainiako Auzitegi Nazionalak seina urteko zigorra jarri die Luis Goñiri, Xabier Sagardoiri, Aritz Azkonari, Mikel Jimenezi eta Maider Caminosi. Segiko eta Ekineko kide izatea egotzi die, eta «talde terroristako kide» izatea leporatu. Guztiak libre daude auzi horregatik, baina Sagardoi eta Jimenez preso dauzkate, beste kausa batean. Sei urteko inhabilitazioa ere jarri die. Beste lau lagun zigortzeko ere eskatu zion fiskalak epaimahaiari, baina hark absolbitu egin ditu Maitane Intxaurraga, Amaia Legarra, Noe Lopez eta Alberto Lopez Miranda, haiek «erakunde terroristako» kide direla ezin delako frogatu. Nolanahi ere, Lopez Mirandak hiru urte pasatu ditu auzi honengatik behin-behinean preso.
Aldeek helegitea jartzeko aukera dute Espainiako Auzitegi Gorenean, eta Amaia Izko abokatuak halaxe egingo duela jakinarazi du. Gainera, epaia ezkorra dela esan du, eta «atzerapausoa dela».
Javier Gomez Bermudez buru duen aurreneko zigor salak eman du epaia, eta, beste batzuetan ez bezala, epaituek inkomunikazio aldian egindako deklarazioei balioa eman die, haiek torturapean egindakoak zirela salatu arren. Magistratuek epaian idatzi dute torturak frogatu gabe daudela, eta epaiketan ikusi diren beste «hainbat frogei» batuta, auzipetuen errugabetasun presuntzioa «bertan behera» gelditzen dela.
Froga horiek atxiloketak egiteko orduan atzemandako gauzak dira funtsean: Segiren anagrama duten itsasgarriak eta DVDak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eskuorriak eta materiala, errifak, ETArekin lotutako itsasgarri bakanak, hildako ETAko kideen oroigarriak, Askatasunaren anagrama duten festetako zapi eta txapelak, eta eduki politikodun txostenak.
Tortura eta tratu txarrak frogatu gabe daudela dio epaimahaiak. Horretarako, gogora ekarri du epaituak atxilotuta eta Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta zeuden bitartean auzi medikuek ikusi egin zituztela, eta haien txostenetan ez dela jasotzen halako tratua egon den arrastorik. Auzipetuek epaiketan esan zuten abokaturik gabeko legez kanpoko deklarazioak ere eginarazi zizkietela, baina epaimahaiak dio frogatuta dagoela deklarazio horiek egiteko orduan abokatua aurrean zela, eta «inolako gorabeherarik gabe» izan zirela. Gainera, auzipetuek jarritako tortura eta tratu txarren salaketei auzitegietan arrazoirik ez ziela eman diote, eta artxibatu egin zirela.
Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) askotan salatu izan du auzi medikuak eta ofiziozko abokatuak «torturaren makineriaren parte» direla, eta lagundu egiten dutela poliziek «inpunitatea izaten». Tortura salaketak jasotzen dituzten auzitegien jarrera ere salatu izan du TATek, kasuak ikertu gabe artxibatzen dituztelako.
Tortura salaketa latzak egin zituzten auzipetuek epaiketan bertan: mehatxu eta umilazioak jasan zituztela, eta, besteak beste, poltsa egin zietela, etengabe. Caminosek hau kontatu zuen, esate baterako: «Madrilera eramateko gogoa zutela esaten zidaten hasieratik guardia zibilek; han nirekin ondo pasatuko zutela, eta lehertu egingo nindutela. [...] Poltsaren tortura zenbat aldiz egin zidaten kontua galdu ere egin nuen. Esaten niena ez bazuten gustuko, estutu egiten zuten poltsa». Guardia zibilek eskaintza bat egin ziotela ere kontatu zuen:haiek nahi zuten informazioa emanez gero, aske utzi, eta 2.500 euroko soldata emango ziotela. Alberto Lopezek honela kontatu zuen: «Poltsaren saio bat eta bestearen artean ur izoztua botatzen zidaten, ernarazteko». Barrabiletan ostikadak eman zizkiotela, jo egin zutela, ariketa fisikoak akitu arte eginarazi zizkiotela, «eta poltsa, poltsa eta poltsa» etengabe jasan zuela.
Gernikako Akordioaren sinatzaileek elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan Iruñeko Udaletxe plazan, epaia salatzeko.
Seina urteko zigorra bost laguni, Segiko eta Ekineko izatea leporatuta
Inkomunikazio garaian egindako deklarazioak ontzat jo dituzte, torturapean eginak direla salatu arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu