Selektibitate berrituak test erako galderak egiteko modua emango du

Ezagutzera eman dute heldu den ikasturtetik aurrera unibertsitatean sartzeko azterketaren ezaugarriak zedarritzeko Espainiako Hezkuntza Ministerioak egin duen proiektuaren zirriborroa.

Ikasleak selektibitatea egiten, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ikasleak selektibitatea egiten, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2024ko martxoaren 18a
16:15
Entzun

Unibertsitatean sartzeko ebaluazioa berritzeko asmoa iragarria zuen Espainiako Hezkuntza Ministerioak, eta gaur hedabideen bidez ezagutzera eman dira aldaketa arautzeko egin duten proiektuaren zirriborroaren gaineko hainbat jakingarri. Era emango da, besteak beste, test bidezko galderak egiteko. Heldu den ikasturtean jarriko da indarrean aldaketa.

Aldaketa zehatzak ez ezik, sakoneko xede berriak ere ekarri nahi ditu antolaketa berriak, eta zirriborroan bertan argudiatu dute, oro har, ikasleen «konpetentziak» ebaluatzea dela asmoa, eta aintzakotzat hartuko direla ikasleen «sormena, pentsamendu kritikoa, gogoeta eta heldutasuna». Iragarri dute artearen, zientziaren, giza zientzien eta teknologiaren arloan proposatutako ariketak izango direla etsaminako ariketetakoak, baina ikasleen eguneroko bizitzatik ahalik eta hurbilen dauden testuinguruetan beti.

Eredu berriaren beste zehaztapen bat horra: akats ortografikoek ikaslearen nota %10 apaltzea ekar dezakete. Ortografian, hala ere, salbuespenak izango dira: hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuetan izango da, akats horiei dagokienez, ebaluazioa «malgutzeko» modua.

Hainbat erantzun mota

Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, etsaminako hainbat ariketa zatitan banatuta egon daitezke, eta hainbat galdera edo lan mota egon daitezke jasota zati bakoitzean. Galderek era askotako erantzunak eska ditzakete: itxiak, erdi-eraikiak, edota guztiz irekiak. Erantzun erdi-eraiki eta irekiek puntuazioaren %70 finkatuko dute.

Landu behar diren erantzun horietan, ortografiari ez ezik, testuak josteko eta atontzeko gaitasunari ere erreparatuko zaio ebaluazioan.

Ariketa eredu bakar bat emango zaie ikasleei ikasgai bakoitzean, baina modua izango dute zenbait ariketaren barruan galdera jakin batzuk aukeratzeko.

Azterketa egiteko denboretan-eta ez da aldaketarik izango. 90 minutu izango dituzte ikasleek ariketa bakoitzerako, eta gutxienez 30 minutuko atsedenak. Proba kopuruan ere ez da aldaketarik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.