«Hauteskundeak irabazten baditu, Mariano Raxoik buru argiz kudeatuko du ETAren amaiera, eta hori jakin badakite ezker abertzalean ere». Hala mintzatu da Borja Semper PPren Gipuzkoako presidentea Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. «ETAren betiko amaiera inteligentziaz kudeatzeko prest dago Raxoi, baita ETA desegiten denean eztabaidatu behar diren gaiak jorratzeko ere», nabarmendu du.
Semperrek salatu du «ETAren balizko amaieraren gaia» erabiltzen ari dela alderdi sozialista, azaroaren 20an egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira «etekinak» lortzeko. «Argi hitz egiteko eskatzen diot alderdi sozialistari. Ez dezala egun batean gauza bat esan, eta, hurrengo batean, beste bat». PPk nabarmendu du, aldiz, «zuzenbide estatuaren alde tinko» eutsi diola.
Euskal Herriko jokaleku politikoan «aldaketa» bat izan dela onartu du, halaber, Semperrek, eta nabarmendu du «zuzenbide estatuaren garaipena» izan dela ezker abertzalearen estrategia aldaketa.
Garcia Goenaren alarguna
Bestalde, Semperrek baieztatu du Laura Martin Juan Carlos Garcia Goenaren alargunak izena eman duela PPn. Garcia Goena GALek hil zuen 1987. urtean. Martinek azaldu duenez, «Bilduk mespretxatzen dituen ETAko biktimei babesa emateko» eginda PPko kide. «PP da ETAren biktimengatik kezkatuta dagoen alderdi bakarra», esan du.
Semperrek dio Raxoi gai izango dela «ETAren amaiera kudeatzeko»
Gipuzkoako PPren buruak PSOEri leporatu dio gai horrekin«etekinak» lortu nahi izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu