Zinpeko epaimahaiak Yasmin Rodriguezen hilketaren erruduntzat jo du haren senar ohia. 2009ko maiatzean, Irunen (Gipuzkoa), Rodriguezhiltzea eta hari laguntzera gerturatu zen Juan Pablo Urtizberea hil nahi izatea leporatu diote akusatuari. Herenegun amaitu zen Rodriguezen heriotza argitzeko ahozko epaiketa Donostian; eta zinpeko epaimahaiak atzo arratsaldean eman zuen bere ebazpenaren berri.
Fiskaltzak aurkeztu zituen argudioak bere egin ditu zinpeko epaimahaiak, eta hainbat delitu leporatu dizkio akusatuari: Rodriguez erailtzea, Urtizberea erailtzen ahalegintzea, ausarkeriaz gidatzea, heriotza mehatxuak egitea eta emakumearen aurkako askatasunaren aurka egitea. Erasoa «eroaldi batean» eta mozkortuta zegoela egin zuela argudiatuta, aringarriak eskatu zituen defentsak epaiketan. Baina, eskaera horiek ez ditu onartu epaimahaiak. Ebazpena entzun ondoren, fiskaltzak zein Rodriguezen eta Urtizberearen defentsek 45 urtetan utzi dute zigor eskaera. Orain epaileari dagokio azken erabakia hartzea; zinpeko epaimahaiaren erabakian oinarrituta, zigorra erabakiko du akusatuarentzat.
Hilketa, 2009ko maiatzean gertatu zen Irunen. Rodriguez eta bere senar ohia banatu berriak ziren. Gau hartan, biek topo egin zuten taberna baten kanpoaldean, eta heriotza mehatxuak egin zizkion senar ohiak. Ordu batzuk geroago, Rodriguez zihoan kotxearen aurka jo zuen akusatuak, bere autoarekin, bi aldiz. Rodriguez kotxetik atera zen, eta labankada batez hil zuen senar ohiak. Kalean zebilen Urtizberea une hartan, eta laguntzera hurbildu zen, baina hura ere larri zauritu zuen Rodriguezen senar ohiak bizkarrean eta sabelean.
Gazte bat atxilotu dute Getxon
Ertzaintzak 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizaldean Getxon (Bizkaia), genero indarkeria leporatuta. Bere bikotekidea jotzea eta burko batekin itotzen saiatzea egozten diote atxilotuari. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, goizaldeko ordubietan emakume batek SOS Deiak zerbitzura deitu zuen, bikotekideak bera hil nahi zuela esanez. Baina telefono bidezko komunikazioa eten egin zen emakumearen kokalekua zein zen jakin aurretik. Hala ere, erasotuaren lagun batek oihuak entzun zituen, eta ertzainek erasoaren kokalekua aurkitu ahal izan zuten azkenean. Emakumea Gurutzetako ospitalera eraman zuten eta ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten. Herrizaingo Sailaren arabera, aurrekariak ditu atxilotuak.
Bestalde, Gasteizen 7 eta 14 urte arteko sei adingaberi egindako ustezko sexu erasoengatik asteartean atzeman zuten gazteari lau eraso gehiago egotzi dizkio Ertzaintzak. 2007 eta 2008 artean gertatu ziren eraso horiek guztiak. Poliziak adierazi du gazteak polizia etxean egindako adierazpenetan oinarritu dela ondorio horretara iristeko.
Senar ohiak Rodriguez erail egin zuela ebatzi dute
Urtizberea hiltzen saiatzea eta beste hiru delitu gehiago egitea egotzi dizkio zinpeko epaimahaiak akusatuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu