Espainiako Senaturako EAEko ordezkariak aukeratu dituzte Eusko Legebiltzarrerako lehen osoko bilkuran. EAJren botoei esker aukeratu dute Jokin Bildarratz jeltzalea —27 botorekin aukeratu dute, legebiltzarkide jeltzale baten botoa Iñarrituri eman diotelako, lehen itzulian aukeratua izan zedin—, eta, gobernua osatzeko PSErekin hitzartutako akordioa oinarri hartuta, Tontxu Rodriguez sozialistaren hautagaitza babestu dute jeltzaleek. EH Bilduko Jon Iñarritu izan da gaur aukeratu duten hirugarren senataria.
Bildarratz eta Rodriguez lehendik ere izan dira Espainiako senatari; Iñarrituk, berriz, Amaiurreko kide ohi Iñaki Goioagak utzitako hutsunea beteko du.
Ordezkaritzarik gabe geratu dira, beraz, Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularra. Lehenak Luis Alejosen hautagaitza aurkeztua zuen, baina soilik 11 boto lortu ditu —gutxienez hemeretzi behar dira hautatua izateko—. PPk ez du ordezkaririk aurkeztu, eta zuri bozkatu du.