Oraindik abiapuntuan baino ez daude, baina Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra Senaturako hauteskundeetan hautagaitza bateratuaren aukera aztertzen ari dira. Dena den, negoziazioak berehala hasi eta buka daitezke. Ezkerraren ustez, Ahal Dugu-ren esku dago erabakia: "Ahal Dugu-k Ahal Dugu gisa lehiatzeko bere posizioa zuzentzen badu, prest gaude". Bestela, Jose Miguel Nuin eledunaren arabera, "ez dago ezer hitz egiteko".
Ahal Dugu-ko Laura Perezek ez du gustuko izan berehala eztabaida publiko egin izana: "Bulegoetako negoziazioak gustuko ez baditugu, korridoreetakoak are gutxiago". Haren esanetan, aurreko astean komentatu zitzaien aukera horri buruz. "Berehala hiritarren kontseiluari jakinarazi nion proposamena, baina guk barne prozesu bat dugu, eta ez dugu nahi inork eperik ezartzerik".
EH Bilduko Adolfo Araizek ontzat jo du aukera hori, batez ere aldaketaren aldeko indarrak hautagaitza bateratua aurkezteko gai badira. "Lau indarren arteko baturak lehen indarra izateko aukera emango liguke". EH Bilduk prestutasuna azaldu du horretarako, eta Kongresurako aukera hori posible ez izatea deitoratu du.
Geroa Baiko Koldo Martinezek nabarmendu du alderdi guztien borondatea ona dela baina azken emaitza "ziurgabea" dela.