Sendagaietan diru gutxiago gastatu duela erantzun dio Jaurlaritzak Madrili

Osasun Ministerioak dio birpagatzea ez jarrita 1,2 milioi gastatu dituela Jaurlaritzak; hark esan du 2,4 aurreztu dituela

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Botiketan zenbat gastatu ote den, ika-mika sortu da Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Madrilek salatu du aurtengo uztailean %2,75 handitu dela gastua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; berrordainketa sistema ez jartzeagatik, iazko uztailean baino 1,2 milioi gehiago gastatu behar izan dituela Jaurlaritzak. Hark ukatu egin du hori: azaldu du %5,43 jaitsi dela gastua uztailean, 2,4 milioi gutxiago gastatu dituela sendagaietan. Nafarroan, proportzioan, handiagoa da jaitsiera: aurreko uztailean baino %18,7 gutxiago gastatu dute; 2,2 milioi euro aurreztu dituzte.

Berrordainketa hasi denetik lehen datuak dira uztailekoak, eta balorazio ona egin du Espainiako Gobernuak. Xedeak bete dituela esan du: %24 jaitsi da gastua erkidego guztiak aintzat hartuta.

Birpagatzeko sistemarekin bi helburu dituela azaldu du Osasun Ministerioak: gastua gutxitzea eta botika gutxiago ematea. Haren arabera, bietako bat ere ez dute bete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 200.000 errezeta gehiago eta 1,2 milioi gehiagoko gastua; ia 45 milioi. Jaurlaritzak beste zenbaki batzuk eman ditu, ordea: onartu du errezeta gehiago egin dituztela —156.000 gehiago—, baina nabarmendu du gastua jaitsi dela —43,7 milioi iaz; 41,3 aurten—.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gastua igo dela azpimarratu, eta horren arrazoia zein den ere esan du Osasun Ministerioak: «EAE ez da ari ezartzen botiken gastuan eraginkortasuna lortzeko neurriak». Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak salatu du «gezurrezko datuak» erabili dituela Madrilek «asmo politikoekin». Sailburuaren hitzetan, horrelako adierazpenekin berrordainketa ezartzera behartu nahi dute Jaurlaritza.

Botikengatik birritan pagatu beharra saihesteko dekretu bat onartu zuen Jaurlaritzak, baina behin-behinean berrordainketa ezarri beharko du aurki, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabakia hartu arte. Egoera gaur aztertzekoa du Eusko Jaurlaritzak, asteroko gobernu bileran. Sistema horren kalteez ohartarazi du Bengoak: «Botika oinarrizko gutxiago ematea kaltea da».

Nafarroan, errezeta gutxiago

Botika gutxiago eman dituzte Nafarroan. Aurtengo uztailean, 906.746 errezeta egin dituzte, aurreko urtekoan baino 33.674 gutxiago. Gastua ere jaitsi da: 9,4 milioi euro gastatu ditu alor publikoak botiketan uztailean; iaz, 11,6.

Aldea bistakoa da: %3,6 errezeta gutxiago egin dituzte Nafarroan, baina gastua askoz ere gehiago jaitsi da: %18,7. Zergatik? Gaixo aktiboek gehiago ordaintzen dutelako eta erretiroa hartua dutenak pagatzen hasi direlako.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez da oraindik halakorik, baina urte osoko datuetan Nafarroaren pare daude: %6 azpitik da aurten Jaurlaritza botiken gastuan (—32 milioi); Nafarroa, %6,4 (—9,7 milioi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.