Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta jarraitzen duten hamar euskal herritarren senideek elkarretaratzeak egin zituzten atzo Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian dituen ordezkaritzen aurrean. Horrez gain, euren seme-alabek polizia etxeetan jaso dezaketen tratua dela eta, kezka agertu zieten gobernuko ordezkariei idatzi baten bidez, eta haiekin biltzeko eskaera egin zuten. Senideek Gernikako Akordioa sinatu duten alderdi eta eragileen ordezkarien babesa jaso zuten. Iruñean eginiko elkarretaratzean izan ziren ezker abertzaleko Xanti Kiroga, Aralarreko Aritz Romeo eta EAko Aitor Etxarri, eta Bilbon, ezker abertzaleko Tasio Erkizia, EAko Joseba Gezuraga eta Alternatibako Jonathan Martinez eta Oskar Matute, besteak beste. Atxilotuek inkomunikazio aldian tratu txar edo torturarik jasotzen badute horren erantzule Espainiako Gobernua izango dela adierazi zuten.
Senideek ez zuten aukerarik izan ordezkariekin biltzeko. Iruñeko ordezkaritzaren atarian zeudela, guardia zibil batek senideei esan zien Saizek ez zituela bere bulegoan hartuko, eta haien eskaerak idatziz bideratzeko eskatu zien. Bilboko protestan parte hartu zutenek biltzeko eskaera egin zioten gobernuko ordezkari Mikel Cabiecesi. Ikusteko dago Cabiecesek Saizen bidetik joko duen edo ez.
Ez da lehenengo aldia Nafarroarako ordezkariak erabaki hori hartzen duena. Iazko abenduan herrialde horretan eginiko beste polizia operazio batean atxilotutako sei gazteren senideekin biltzeari uko egin zion, agenda arazoak zituela argudiatuta. Hala ere, atxilotuak egoera onean zeudela adierazi zien. Inkomunikazioa altxatu ondoren, baina, polizien torturak jasan zituztela salatu zuten sei gazteek.
Saizen ezezkoa
Gertakari horiek gogoan izan zituzten atzo Iruñeko ordezkaritzara joan zirenek. «Ez gara asko fio Saiz anderearen bermearen inguruan, eta susmo latza dugu poliziak ez dituela kontrolatzen edo ez dituela kontrolatu nahi», salatu zuen senide batek.
Xanti Kiroga ezker abertzaleko kideak ere kritikatu zuen Espainiako Gobernuko ordezkariaren jarrera: «Begien bistakoa da atxilotuen gutxieneko bermeak errespetatzeko ez duela ezer egin nahi gobernuak».
Kirogak eginiko adierazpenen ildotik mintzatu zen Aritz Romeo Aralarreko zinegotzia ere: «Uste dugu Saizek ez duela behar besteko jarrera demokratikorik izan eta ez dela egon egoerak eskatzen duen neurrian». Hori hala, tortura eta tratu txarrak eragozteko nazioarteko eragile ugarik eginiko gomendioak betetzeko exijitu zion Romeok Espainiako Gobernuari.
Atxiloketen egunean, hamar euskal herritarren abokatuek atxilotutakoak polizia etxeetan deklaratu behar izanik gabe epailearengana berehala deklaratzera joatea —habeas corpus— eta inkomunikazio aldian tortura eragozteko protokoloa indarrean jartzea eskatu zuten. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, baina, ez zituen eskaera horiek onartu. «Zergatik uko egiten die Marlaskak protokolo hauei epaitegi berdinean beste epaile batzuek onartu eta betearazten dituztenean?», galdetu zuen senide batek. Horrekin batera, atxilotuek zein gertukoek bizi duten «babesgabetasun» egoera salatu zuen. «Lintxamendu mediatiko bortitza eta jasangaitza jasotzen ari gara (...) Bestalde, atxilotuek dituzten eskubide guztiez desjabetu dituzte, mundutik desagerraraziz, zulo ilun batean sartuz».
Lan politikoa jopuntuan
Astearteko polizia operazioan atzemandako hamar herritarrak bakea eta normalizazio politikoaren alde lan egiteagatik atxilotu dituztela diote haien senideek. «Beren jarduera modu publiko eta gizarteari begira egiten zuten. Senide eta lagun gisa badakigu zein den burutzen ari diren lana, beste jende andanak dakien bezala. Garbi eta argi esan nahi dugu astakeria hutsa dela gure senideekin egiten ari direna, badakigulako, gainera, egoera hau ez genuela biziko gure senideek pentsatzen dutena eta beraien idealekin duten konpromisoagatik ez balitz».
EAko Aitor Etxarriren arabera, atxiloketa gehienak Nafarroan egin izanak esanahi berezia dauka. «Badirudi ematen ari den aldaketa politiko honekin batzuk ez daudela eroso, eta, hori dela eta, non eta batez ere Nafarroan, non maiatzeko hauteskundeetan aldaketa politikoa egon litekeen, egin dute erasoa», salatu zuen.
Era berean, atzoko ekimenean parte hartu zuten senide eta eragileek larunbatean Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. «Geldi daitezela esango diegu. Gureei eta jendeari utz diezaiotela politika libreki egiten, bakean utz gaitzatela», adierazi zuten. Gernikako Akordio sinatu duten eragileez gain, ELAk ere babestu du ekimena. Manifestazioa Golem zinemetatik abiatuko da, 17:30ean.
Atxilotuei babesa agertzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo hainbat herri eta ikastegitan. Ordizian 25 pertsona bildu ziren, eta Etxarri Aranatzen, 250. Portugaleten eginiko ekimen batean bi pertsona atxilotu zituzten, eta Donostiako campusean herenegun eginiko ekimenean bi ikasle identifikatu zituen Ertzaintzak.
Senide eta eragileek diote atxilotuen egoeraren erantzule dela gobernua
Jasan dezaketen tratua dela eta, kezka agertu dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek Espainiako Gobernuaren ordezkaritzetanElma Saiz Nafarroarako ordezkariak uko egin dio senideekin biltzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu