Iritzia

Sentitzen dut, alkate jauna

Agus Perez.
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Sentitzen dut, alkate jauna, baina ni ez naiz Bildukoa, eta, hala ere, Kukutzaren alde nago. Sentitzen dut esatea, zeren eta zure adierazpen publikoetan Bildu Kukutzaren atzean egotea ei zen Bilbon zeuk sortu duzun arazo kontrolagaitzaren arrazoi nagusia. Ez dakit nor iraintzen duen gehiago zure analisiaren pobreziak, baina uste dut oso eremu labainkorrera eraman zaituela, zeren eta, nik dakidala, legezko alderdi baten aldeko edo kide izatea ez da bekatu, eta, zorionez, beraiek eta beste zinegotzi eta kultur eragile batzuk Kukutzaren moduko proiektu baten alde daude.

Baina, gauzak zer diren! Kukutzaren aldekoa naiz, eta herritar soil gisa izan dudan jarduna beti bakearen aldeko bidetik ibili da. Hain zuzen ere, biolentzia ororen kontrako ideologiak ekarri ninduen Bilboko erdigunetik auzo baztertu honetara orain hogeita hamasei urte, Franco hil zeneko urtean, Euskal Herriko lehen kontzientzi eragozleen taldearekin, eta harrez geroztik hemen errotu nintzen, Errekaldeberri inguruko auzoetako jendearen miseria gorrian biziz eta haiengandik hasieran pentsatu nuena baino askoz gehiago ikasiz. Bakezale amorratua naiz, alkate jauna, kulturaren eta elkarrizketaren aldeko militantea, eta, horrexegatik, Kukutzaren aldekoa.

Kukutzatik bertatik, ordea, ez naiz asko ibili, euskarazko prentsaren eta kulturaren aldeko lanak nik nahi nuena baino askoz denbora gehiago eskatzen duelako, baina bertan ikusitako performance, antzerki emanaldi eta kontzertuetan etxean bezala sentitu naiz beti, adinaren aldea gorabehera. Eta badakit gaztetxe hitzak esangura gaitzesgarria daukala pentsamendu konbentzionaleko jendearentzat, baina Kukutza ez zen gaztetxe bat, Errekaldek inoiz eduki duen gizarte-zentrorik osoena (eta bakarra) baizik. Auzoko jendeak ere horrela bizi izan du: beharbada hasiera batean mesfidantza apur batekin hartu zuten, baina urteetan izandako jardun orbanik gabeak laster apurtu zituen distantziak, eta orain euren sentipena da Bilbo urrunetik etorritako jauntxokeriak auzoarena zena kendu digula, erarik bortitzenean eta mespretxuzko hitzetan bilduta gainera. Errekaldeberri memoria luzeko auzoa da, eta egunotan gutariko askorengan berpiztu dira Doña Pilar Careaga de Lequericaren garai beltzak.

Eta uste dut hori berori sentitu dutela hiru egunotan lanera edota etxera joateko era guztietako oztopoak jasan eta mendietatik itzulinguruak egin behar izan dituzten auzokideek, beren dendak eta tabernak zarratu behar izan dituzten jabe apalek, udalaren eta enpresaren nahierara garraio publikorik gabe geratu diren auzotarrek eta, zer esanik ez, kolpe eta pilotakada gogorrak kalean egote hutsagatik jaso duten errekaldetar soilek. Udaletik ezin zen hori guztia aurreikusi, eta kosta ahala kosta gerra-egoera honetara ailegatzea eragotzi? Ez zuten uste Kukutza botatzeko auzo osoa hartu beharko zutela? Zein asmorekin abiatu da populazio handiko auzo oso bat zigortzeko operazioa?

Bitartean, gure alkate jaun txit agurgarriak Errekaldeberritik kilometro batzuetara jarraitu du bere iritzi buruargiak botatzen, betiere itsasadarra zeharkatu gabe, eta betiere hedabide mertzenarioen laguntzarekin. Adierazpen haien artean bereziki mindu nau entzuteak mobilizazioetan ez zirela guztiak errekaldetarrak, eta Bilbotik etorritako jendea ere bazegoela. Horrek zer esan nahi du, Errekalde ez dela Bilbo? Edo gainontzeko bilbotarrak gurera etortzea susmagarria dela? Zer adierazpen klase dira horiek denon ordezkaria izan behar duenaren ahotan? Eta, garrantzitsuena dena, gu geu zer guraso edota nagusi klase izango ginateke geure gazteen ametsak eta proiektuak babestuko ez bagenitu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.