Errexiatu oldea Europan

Serbiaren erabakiari jarraituz, Mazedoniak muga itxi die errefuxiatuei

Serbia eta Eslovenia errefuxiatuen artean bereizketa egiten hasi dira, eta soilik siriar, irakiar eta afganistandarrei uzten diete sartzen.

Errefuxiatuak, Presevoko kanpalekura iristen, Serbia hegoaldean. DJORDJE SAVIC, EFE
jon ordonez garmendia
2015eko azaroaren 19a
16:05
Entzun

Negua gerturatzearekin Europara datozen errefuxatuen baldintzak gogortuko zirela espero zen zerbait zen, baina hotzaz gain, Balkaneetako herrialdeek azken orduetan hartu dituzten neurriei ere aurre egin beharko diete babes bila datozenek. Mazedoniak Greziako muga itxi die gaur goizean errefuxiatuei. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi duenez, Serbiak atzo arratsaldean hartu zuen erabakiaren ondoren hartu du neurri hori Mazedoniak. Serbiak atzotik soilik siriarrei, irakiarrei eta afganistandarrei uzten die muga zeharkatzen, eta gainontzeko asiarrak eta afrikarrak atzera Mazedoniara itzultzen ditu. Serbiako agintariek onartu dute bereizketa hori egiten hasi direla. Gauza bera egiten hasi da Eslovenia gaur ere, eta Poliziaren buru batek baieztatu du "migratzaile ekonomikoak" ez dituztela onartzen.

Udan hasi zen errefuxiatu oldean gehien-gehienak dira hiru herrialde horietako gatazketatik ihesi doazenak: Siria, Irak eta Afganistan. Badira, baina, beste herrialde batzuetan dauden gatazketatik eta horien ondorioz sortu diren gose eta pobrezia egoeretatik ihesi doazenak ere, esate baterako, Eritreatik, Somaliatik, Sudandik eta Myanmartik.

Serbiako Lan ministro Aleksandar Vulinek gaur baieztatu du "etorkin ekonomikoek" ezin dutela Serbian sartu, soilik "gerratik ihesi" iristen direnak egin dezaketeela, gerra Siriara, Irakera eta Afganistanera mugatuz. "Kroazian eta Eslovenian ez dietelako utziko Europa mendebalderako bidea jarraitzen", argudiatu du. Serbiatik pasatzen diren errefuxiatu gehienek Austria eta Alemaniara iristea dute helburu, Grezia, Mazedonia, Servia, Kroazia eta Eslovenia zeharkatu ostean.

"Ez dugu utziko bidaia jarraitu ezin dezakeen inor Serbian sartzen", gaineratu du Vulinek eta esan du Serbia "babestu" behar dutela. Esan du errefuxiatuen egoera Balkaneetako herrialde guztien artean konpondu behar dutela, elkarrekin jarrera bateratu bat adostuz. Aurten jada 800.000 dira itsasoz Mediterraneoa zeharkatuz Europara iritsi diren errefuxiatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.