MEMORIA HISTORIKOA

Servinik Auzitegi Nazionalean hartu die deklarazioa bi biktimari

Fernando Andreu epailea lekukotasuna hartzen aritu da Argentinako epailearekin batera.

Servini epailea, Donostian, iragan astean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko maiatzaren 29a
08:12
Entzun

36ko gerrako eta frankismoko biktimen lekukotasunak hartzen jarraitzen du Maria Servini epaileak. Madrilen da egunotan. Euskal Herrian hasi zuen ibilaldia joan den astean —Gernika-Lumon eta Donostian izan zen, besteak beste—, eta Espainiara joan zen gero. 

Gaur deklarazioa hartu die bi biktimari. Teresa Alvarez da horietako bat, 93 urtekoa; aitonak, aitak eta bi anaiak jasotako tratuari buruz eman du lekukotasuna. Faustina Romeral da bestea, 90 urtekoa. 15 urte zituela atxilotu zuten aitarekin eta amarekin batera; aita hil egin zuten, eta ama, kartzelatu. Romeral bera ere espetxean egon zen gero. Pozik agertu dira biak auzietgitik irtendakoan. "Orain justiziak ezingo du ezer egin, erantzuleak hilik daudelako. Baina, hala ere, nire bizitzako egunik zoriontsuena da hau, norbaitek entzun nauelako", azaldu du Alvarezek.

Testigantzekin batera, hala ere, lekuak eta moduak izan dute zeresana. Espainiako Auzitegi Nazionalean eman dute testigantza bi biktimek, eta Fernando Andreu auzitegi horretako epailea ere aurrean izan da. 

Kontuan hartzekoa da Argentinan hasitako bidean oztopoak jarri dituela orain arte Auzitegi Nazionalak. Jesus Muñecas eta Billy el Niño polizia ohiak estraditatzeko eskatu zuen Servinik, inputatuta baitauzka frankismoko krimenen auzian, baina eskari horri muzin egin zion auzitegiak; argudiatu zuen torturak leporatzen dizkietela, eta horiek ez daitezkeela hartu gizateriaren aurkako krimen gisara, "ohiko delitu" modura baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.