Ceaqua Argentinako Kereilaren Aldeko eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Espainiako Plataformak jakinarazi duenez, Maria Servini epailea Madrilera joango da maiatzaren 23an, hiru egun geroago Rodolfo Martin Villa Espainiako Sindikatuetako Erlazioetako ministro izandakoa galdekatzeko. Epailea martxoaren 20an zen Martin Villari deklarazioa hartzekoa, baina, Ceaquak salatu duenez, «arazoak» izan dira Espainiako Gobernuarekin, eta Servinik atzeratu egin behar izan du bidaia.
Elkartearen arabera, Espainiako agintariek «hainbat hilabetez oztopatu» dute Serviniren bidaia, baina orain erabaki dute esku ez hartzea. Argentinak Madrilen duen enbaxadan bilduko da Servini Martin Villarekin, eta ekainaren 4ra arte luzatuko du bidaia, asmoa baitu Frankismoaren krimenen aurkako kereilak aurkeztu dituzten elkarteei eta biktimei ere deklarazioa hartzeko.
Ceaqua pozik agertu da albistearekin, baina kritikatu du Espainiak «larriki» oztopatu duela «justizia unibertsalaren printzipioen arabera zabaldutako zigor auzi baten tramitazioa», eta gogorarazi du gizateriaren aurkako krimenak egozten dizkiotela Martin Villari; besteak beste, Gasteizko Martxoaren 3ko gertaerengatik.