Sestao eta Barakaldo oinez elkartu dituzte, langabeziaren aurka

Lander Muñagorri Garmendia.
Sestao
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Langabeziaren aurkako manifestazio bat egin zuten atzo, 18. urtez jarraian, Ezkerraldeko langabeen kolektiboek, sindikatuek eta eragile sozialek, Sestao eta Barakaldo artean (Bizkaia). 700 pertsona inguruk egin zuten bi herrien arteko bidea, langabeziaren eta murrizketa sozialen aurka, Gastu militarrik ez! lelopean. «Gastu militarrak alboratzeko eta diru kopuru hori gehien behar duten familiei emateko eskatu nahi dugu», azaldu zuen Gorka Garcia Berri-Otxoak kolektiboko kideak.

Ezkerraldeko desindustrializazio prozesua ere salatu nahi izan zuten atzoko mobilizazioan, eta datuak ere eman zituzten. Eskualdean 51.500 familiak dituzte «zailtasunak» hil amaierara iristeko, eta, azken urteetan, %17 hazi da familia behartsuen kopurua. Euskal Herrian langabezia tasa altuena daukate Ezkerraldean, %22koa, eta 21.000 pertsona daude lanik gabe. Lan egiten dutenen artean, gainera, «prekarietatea nagusitzen da». 42.000 pertsona daude egoera horretan, eta denda handietan lan egiten duten 2.875 langilek 500 eurotik beherako soldata jasotzen dute. Azkenik, 2011. urtean 446 familia etxetik bota zituztela ere ohartarazi zuten Ezkerraldeko kolektiboetako arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.