Sexu abusuak

Sexu abusuen biktimek deitoratu dute salaketa guztiak artxibatu dituztela

Iraganean ikastetxe erlijiosoetan sexu abusuak jasan dituzten biktimen elkartea Nafarroako Parlamentuan izan da berriro. Azaldu dutenez, azken bederatzi hilabeteetan 30 kasu azaleratu dira, baina epaileek auzibideak itxi dituzte salatutako gertaerak preskribatu direlako edo akusatuak hilda daudelako.

Sexu Abusuen Biktimen elkarteko ordezkariak Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2020ko urtarrilaren 10a
14:35
Entzun

Ez dute etsi nahi. «Gure mina ez da preskribatu sekula ere». Jose Luis Perez Sexu Abusuen Elkarteko ordezkariaren arabera, salaketak jartzen jarraituko dute horregatik, nahiz eta gaurdaino epaitegiek euren salaketei bidea itxi. «Politikoki eta judizialki salatzen jarraituko dugu, norbaitek inoiz gaiari irmo hel diezaion, iragan mendeko 1950eko hamarkadatik 1990eko hamarkadara arte pederastia kasu kopuru handia baitago», azaldu du Francisco Javier Azpilikuetak, elkarteko beste kideetako batek.

Urrian, elkarte horretako ordezkariak parlamentuan izan ziren, baina agerraldia ateak itxita egin zuten, komunikabideen presentziarik gabe. Hasieran, agerraldi hartako audioak ere ez zituen parlamentuak Interneten jarri, gertaerak ez direlako epaituak izan eta sexu abusuak egin zituzten pertsonen ohorea auzitan jarri zitekeela iritzita. Hala ere, hilabete geroago, parlamentuko zerbitzu juridikoek ahalbidetu zuten audioa jartzea, betiere hirugarren pertsonen eta erakundeen izena ezabatuta. Gaur, berriz, agerraldi publikoa egin ahal izan da.

Gaurko agerraldian, Azpilikuetak garrantzia berezia eman dio salaketak aurkezteari, nahiz eta epaitegiek kasuak artxibatu. «Salatzen ez dena ez da ezagutzen. Jendeak dakien hori soilik existitzen da. Salaketarik ez balego, ez genuke jakingo zer gertatu den», azaldu du. Elizako goi organoetan «konfiantza gutxi» dutela nabarmendu du: «Sexu abusuen gaitzaren aurka Francisco Aita Santuak asmo onak dituelakoan gaude, baina bere azpitik botere maila gehiegi daude arazoa konpon dadin».

Elizaren jarrera

Kritiko azaldu dira Nafarroako Elizaren jarrerarekin, eta eurekin izan duten harremanen berri eman dute. Iazko maiatzen, eskatu zuten lehen bilera egitea Artzapezpizkutzaren idazkariarekin, baina, hark hitzordua eman ondoren, ez zen agertu. Abuztuan eta irailean, bilerak eskatzen jarraitu zuten, eta gotzain laguntzailearekin bildu ziren. Hark adierazi zien «haurrak, nerabeak eta adingabe kalteberak babesteko apustu irmoa» egiten duela, baina ardurarik ez zuen onartu, eta kongregazio erlijiosoen gain utzi zuen erantzukizun oro.

Azkenik, bilera pertsonal bat egin ahal izan zuten Francisco Perez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuarekin. Bilera «etsigarria bezain ilustratiboa» izan zen. Abusuak eta haien ondorioak kontatu ondoren barkamen pertsonal eta publikorik egingo ote duen galdetu zioten, eta, Azpilikutearen hitzetan, «ez zuen halakorik egin, hori egitea delitu larriak aitortzea litzatekeelako». Eskaera hori Espainiako Elizaren Konferentziari azaldu, eta Solsonako gotzainak egin bezala barkamenik eskatuko ote duen galdetuta, ez zuen eskatu.

Bilera horrez gain, biktimek hala eskatu izan dietenean, lagundu egiten diete erlijio kongregazioko ordezkariekin izandako bilera pertsonaletan. Jose Luis Zudaire elkarteko presidentearen arabera, Erreparazioko aiten ordezkariak hiru kalteturekin izandako jarrera «asaldagarria» izan zen. «Amaitu zuen abusuak aitortu gabe, eta gezurrezko salaketa egitea leporatu zien. Abusua jasandako haur baten profilik ez zutela esateko moduko zinismoa izan zuen». Aita maristen kasuan, hasieran kontakizunen egiazkotasuna zalantzan jarri bazuten ere, jendaurrean barkamena eskatu zuten. Kasu honetan, abusuen egilea Burgosen bizi da, eta, Eliza utzi ondotik, irakasle lanetan izan da».

Haurra zelarik erlijio jardueretan abusuak jasandako emakumezko biktima batek eskatu zuen bilera bat egitea salestarrekin, eta haiek garai hartako irakasle salestarren argazkiak erakutsi zizkioten. «Erasotzailea identifikatu ahal izan zuen».

Foruzaingora, Guardia Zibilera eta Espainiako Poliziara jo dute salaketak jartzera, eta «esperientzia desatseginak» izan dituzte. Kasuren batean, salaketa atzera bota diete delitua preskribatua zegoela iritzita, edo ez dago prozedura sistematizaturik. «Salaketak jasotzerakoan protokolo komun bat izatea nahi genuke», azaldu du Azpilikuetak. 

Orain arte, 30 kasu

Jose Luis Perezek Garesko Erreparazioko aiten ikastetxean sexu abusuak jasan zituela salatu ondotik, azken bederatzi hilabeteetan 30 kasu azaleratu dira Nafarroan, baina erabat ziur daude gehiago direla. «Ausartzen gara esatera Nafarroan ehunka direla erlijio ikastetxeetan pederastia kasuak».

Kasuak agertu ondotik, elkartea sortzea erabaki zuten eta «elkar babesteko» balio izan direla nabarmendu du Perezek: «Denek azpimarratzen dute hasieran ulermena eta arindua ematen diela. Denok sufritu izanak gertatutakoa kontatzeko askatasuna ematen du, baita arindua ere urtetan isildutakoa kontatu ahal izateko. Ez genuen ezer kontatu abusua jasan genuenean ez genuelako ulertzen zer gertatu zen. Bortxatutako haur baten xalotasunaren ondorioz, ezagutzen ez genuen hori ezin genuen azaldu».

Frankismo garaia izanik, haurrek «irakasle apaizei aurreko egiteko beldurra» zuten: «Gure etxean sinetsiak ez izateko beldurra genuen. Uste genuen gure gurasoak ez zirela gai izango pederasten aurka salaketa jartzeko, gu ikastetxetik botako ote gintuzten erreakzioaren beldurrez. Elizaren boterea hain zen handia, seme-alaben abusua erreprimitu egiten baitzen». Hala, elkarteko kideen artean, gehienek ez zieten euren abusuaren berri eman senideei. 

Perezek azpimarratu du, era berean, salaketaren helburua ez dela izan inori kalte egitea. «Sexu abusua egin zidanaren familiaren edo ikastetxeko irakasleen larruan jarri naiz eta pasatu behar izan dutenari buruz pentsatu izan dut. Barkamena eskatzeko prest nago. Nik ez nieke ezer eskatuko, baina nahi nuke eurak ere nire larruan jartzea. Azkenean, haurrak ginen, eta ez genuen ezeren errurik».

Jesus Zudaire elkarteko presidentearen arabera, garrantzitsua da biktimak «erne entzutea, errespetuzko jarrera proaktibo batekin». Egia bilatzea eta, gertaerak preskribatuta egon zein ez, euren sufrimendua aitortua izatea nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.