Sexu erasotzaile bati indultua eman dio Madrilek, eta ez dute kartzelatuko

Paul Abasolo futbolaria espetxetik libratu zuen PSOEk gobernuan zela, azken ministro bileran zigorra bi urtera jaitsita

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako protesta bat, Gernikan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Azken ministro kontseiluan hartu zuen erabakia Espainiako Gobernuak, PSOE zelarik agintari: Paul Abasolo Amantegi futbol jokalariari indultu partziala eman zion, eta bi urtera jaitsi hiru sexu erasorengatik zeukan zigorra. Hiru urte eta hiru hilabeteko espetxea zeukan betetzeko Abasolok, baina kartzelara joateko zegoen oraindik. Espainiako Gobernuaren erabakiak zuzeneko ondorioa izango du: bi urtean utzi diote zigorra, eta, aurrekaririk nola ez baitaukan, ez du espetxera joan beharrik izango. Ez dute jakinarazi zergatik eman dioten indultua.

Gernikan (Bizkaia) eraso zien emakumeei Abasolok, kale erdian, 2006an eta 2007an. Bost andrek jarritako salaketen harira atzeman zuen Ertzaintzak. Kartzelan sartu zuten behin-behinean; bost hilabete egin zituen preso. Atxiloketak zeresan handia eman zuen, Real Union futbol taldeko jokalaria baitzen garai hartan Abasolo. Aurrez beste hainbat taldetan ere aritua zen; besteren artean, Athleticen, gazte mailan.

Erasotzeko modu bertsua erabili zuen kasu guztietan, epaileek frogatutzat jo zutenez: atzetik egiten zien aurre emakumeei, eta ukituak egiten zizkien. «Zalantzarik gabe» ezagutu zuten andreetako hiruk, eta epaileek zigortu egin zuten gizona; areago, frogatu zuten garai haietan Gernikan maiz ibiltzen zela, masajeak hartzera joaten baitzen. Andreetako bati bi aldiz eraso zion. Hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion auzitegiak, eta emakumeetako batengana 500 metro baino gutxiagora hurbiltzea galarazi zion bost urterako.

Salbuespeneko neurria

Beste bi emakumek ere salatu zuten futbol jokalaria. Haietako batek atzera egin zuen. Sinesgarritasuna eman zioten epaileek bestearen salaketari: gizon batek arropa kendu eta baginan hatzak sartu zizkiola esan zuen; zauriak zituen. Egun hartan beste eraso batean parte hartu zuen jokalariak, eta epaileak onartu zuen: «Arraroa da ordu eta leku bertsuan bi gizonek horrelako erasoak egitea Gernikaren gisako herri batean». Andreak ez zuelako ezagutu, ez zioten eraso hura egotzi.

Bi urte baino gehiagoko zigorra izanagatik ere, kartzelara joateko zegoen, helegitea jarrita zeukalako. Futbolean jokatzen segitu du: gaur egun Oviedo taldean aritzen da. Eta jarraitu ahalko du, Espainiako Gobernuaren erabakiz ez baitu joan beharko espetxera. Bi baldintza jarri dizkio indultuan: sexu heziketako ikastaroetan parte hartzea eta deliturik ez egitea lau urtean. PSOEko Francisco Caamaño Justizia ministro ohiak sinatuta dago agindua. Espainiako Justizia Ministerioan barkamenaren zergatiei buruz galdera egin du BERRIAk, baina ez diote erantzun nahi izan, Abasoloren «intimitatea» aipatuta.

Ez da ohikoa, nolanahi ere, horrelako kasuetan indultuak ematea. Indultua, berez, salbuespeneko neurria da; areago, emakumeen aurkako erasoetan eta horrelakoetan ez dute eman izan. Delitu bakarra egin duten kasuan eman ohi dituzte indultuak, eta arriskurik ez dagoenean. Horregatik, harridura handia eragin du Espainiako Gobernuaren erabakiak. Auzitegietan ez ezik, baita Euskal Herriko Bilgune Feministan ere. «Uste dugu zigorren bideak ez duela arazoa konpontzen, baina, behin sententzia bat egonda, ez dakigu zertara datorren orain bertan behera uztea zigorra», dio Miren Aranguren eledunak.

Funtsik gabeko erabakia dela iritzi dio Bilgune Feministak: «Ikastaroetan parte hartzea jarri diote baldintza gisa, baina hori arriskutsua da: kartzela zigorra saihesteko ematen dute izena batzuek. Zer jarraipen egiten zaie?». Abasoloren kasuan, gainera, «beste interes batzuk» ikusi ditu: «Pertsona ezaguna da, eta familia dirudunekoa». Nagore Laffageren hiltzailearen kasua gogoratu du, behar baino zigor txikiagoa jarri ziotelakoan. Arangurenek gogoeta eskatu du, halako erabakiekin zabaltzen ari diren mezuari buruz: «Behin baino gehiagotan egin ditu erasoak, eta doan irten zaio. Akatsa da indultua ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.