gizartea

Sexu harremanak izateko gutxieneko adina 16 urtera igoko du Madrilek

Adin horretatik beherakoekin harremanak izatea delitutzat joko du, baina zirrikitu bat utzi du: nahiz 16 urte baino gutxiago izan bietakoren batek, "adin, garapen eta heldutasun antzekoa" badute, ez da delitu izango. Orain 13 urtean dago gutxieneko adina.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko irailaren 4a
13:04
Entzun

Sexu harremanak izateko gutxieneko adina 16 urtean jarriko du Espainiako Gobernuak. Justizia Ministerioa ari da taxutzen zigor kodearen erreforma, eta hori baliatuko dute aldaketa egiteko. Gaur egun 13 urtean dago gutxieneko adina. 16 urtetik beherakoekin sexu harremanak izatea delitutzat joko dute —sexu gehiegikeria delitua izango da, eta hamabi urte arteko kartzela zigorra izango du—, baina zirrikitu bat geratu da zabalik: 16 urtez beherakoekin harremanak izatea ez da delitu izango, baldin eta bikoteak “adin, garapen eta heldutasun antzekoa” badu.

Ministro Kontseiluak aste gutxiren buruan onartuko du aldaketa. Hiru artikulu berri izango dira funtsean. Bat: “16 urtez beherakoekin harremanak izatea sexu gehiegikeria da, eta bi eta sei urte arteko espetxe zigorra izango du”. Bi: “Erasoa sarketa denean —baginatik, ipurditik edo ahotik—, zortzi eta hamabi urte artekoa izango da espetxe zigorra”. Eta hirugarrena, zirrikitua jartzen duena: “Ez da erantzukizun penalik izango egileak biktimaren antzeko adina, garapena eta heldutasuna badu”.

Oso orokorra da salbuespen hori, eta Madrilgo gobernuak ez du gehiago zehazteko asmorik. Ministerioko iturriek diote epaileak erabaki beharko duela, kasuren bat auzitegira iristen bada, bikoteak “antzeko garapena eta heldutasuna” ote dauzkan. Erreformarekin, Hego Euskal Herrian urtebete gehiago beharko da sexu harremanak izateko Ipar Euskal Herrian baino. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, 15 urtean dago muga.

Ezkontzeko adina, giltzarri

Sexu harremanei muga jartzea ez da aldaketaren asmoa, Espainiako Gobernuaren arabera. Adingabeen aurkako abusuei aurre egiteko bide gisa aurkeztu du. Gogorarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Batasunak kontuak eskatu zizkiotela Madrili, 13 urtean zeuakalako adin muga. Espainiaren atzetik dago, hala ere, Europako beste estatu bat: Vatikanoan, 12 urtean daukate sexu harremanak izateko muga.

Ezkontzeko gutxieneko adina aldatzeko asmoa ere badu Justizia Ministerioak, baina aurreraxeago etorriko da erreforma hori, kode zibilaren zati baita. Gaur egun, 14 urte behar dira ezkontzeko. Aldaketarekin, 16 urtean jarriko dute muga. Ministerioko bozeramaileek azaldu dute ezkontzeko gutxieneko adina 16 urtera igota, “logikoa” zela sexu harremanak izateko adina ere parean jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.