Sexualitatea, etiketarik gabe

Ehunka herritar atera da Iruñeko karriketara, besta giroan askatasuna aldarrikatzeko eta Opus Deiko Nafarroako Unibertsitateak asteon generoari buruz egin kongresuari erantzuteko.

Atzoko sexu askatasunaren aldeko kalejiraren une bat. Herritar ugarik parte hartu zuen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Aingerutxoak eta deabruak. Apaiz masokistak. Ileordeak eta kolorez betetako mozorroak. Besta giroa eta musika. Dena, sexu askatasunaren aldeko prozesio bitxia egiteko. Generanitza batzordeko kideek deituta, ehunka herritar atera zen atzo Iruñekokarriketara, nork bere gorputzarekin nahi duena egin dezakeela aldarrikatzeko; sexualitateak etiketarik ez duela ozen oihukatzeko; eta, batez ere, asteon Nafarroako hiriburuan Opus Deiko Nafarroako Unibertsitateak generoari buruz egin duen kongresuari erantzuna emateko. Erantzun sendoa, bai eta koloretsua ere.

Nafarroako Unibertsitateko kongresuko lehen jardunaldian, asteazkenean, jendeak aniztasuna ospatu arren ideologia hori ez dela serio hartu behar erran zuen Marguerite Peeters parte-hartzaileak. Belgikako Kulturaniztasunerako Eztabaida Sortzeko Elkarteko ikertzailea da. Emakumeen eta gizonen bokazioak eta nahiak naturalak eta jainkoak emandakoak direla gaineratu zuen.

«Ez nau harritu diskurtso horrek. Teoria eta borroka feministaren bidez lortu dugunaren kontra egin nahi dute». Horixe erran zuen Generanitza batzordeko kide Josune Irigoienek atzo, kalejirari hasiera eman aurretik. Salatu zuen kongresuak agerian utzi duen «diskurtso homofobo eta sexofoboa», eta aniztasunaren aldeko apustua egin zuen. Apustu hori berrestea izan zen atzoko ekimenaren xede nagusia.

12:15ean abiatu zen sexu askatasunaren aldeko kalejira. Herritar anitzen harridura piztu zuen atzoko manifestazioak. Kalejira zabaltzen zuen pankartaren atzean zegoen ortzadar koloreko banderak baten bat nahasi zuen. «Greenpeace taldekoen protesta bat al da?», galdetu zuen adineko gizon batek, kalejira martxan jarri bezain pronto.

Elizaren aurkako leloak

Klinika Unibertsitarioaren paretik pasatu zen kalejira abiatu bezain pronto. Ospitaleko leihoetan, buruan kapela jarrita zeukaten erizainek egiten zioten so manifestazio koloretsuari. Parte-hartzaileek Opus Deiren eta Elizaren aurkako oihuak bota zituzten ibilbide osoan. Pankartetan ageri ziren leloek, halaber, argi utzi zuten parte-hartzaileen aldarrikapena: Gizarte aske eta anitzaren alde eta Opus kanpora irakurtzen ahal zen pankartetan, bertzeak bertze.

Pio XII.aren etorbidetik Navas de Tolosarantz abiatu zen kalejira, eta handik, Gazteluko plazara. Han, ibilbide osoan errepikatutako leloek islatzen zuten mezuari eutsi zioten antolatzaileek, eta Opus Deiren botere politiko eta ekonomikoari, erakunde horren zientzia eta erlijio botereari aurre egiteko beharra azpimarratu zuten. «Feminismoak erakutsi digu sexua, generoa eta sexualitatea eraikuntza sozialak direla; ez dugu inolako etiketarik behar gozamena aldarrikatzeko».

Musikaren hotsak lagunduta hasi, eta modu berean amaitu zen kalejira. Bazkaria egin zuten gero. Hilaren 26ra bitarte, gainera, Jardunaldi Generanitzen eskutik, hainbat hitzaldi eta mintegi izanen da. Bihar, adibidez, trasnfeminismoari buruz ariko da Laura Bugalho, Zabaldin, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.