politika

Silvia Casale, Pierre Hazan, Raymond Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowski dira Nazioarteko Harremanetarako Taldeko kideak

Gaur eman du haien izenen berri Brian Currinek. Torturaren auzietan, giza eskubideen alorrean, Interpolen, gatazkak konpontzeko prozesuetan eta Israelgo auzian ibili izan dira edo dabiltza.

2011ko otsailaren 14a
20:38
Entzun
Brian Currinek gaur aurkeztu ditu, Bilbon, Nazioarteko Harremanetarako Taldea osatu duten bostkideak: Silvia Casale, Pierre Hazan, Raymond Kendall, Nuala O’Loan eta Alberto Spektorowski. Haietatik Hazan, Kendall eta O'Loan etorri dira Euskal Herrira, gaur, eta bihar goizean prentsaurreko bat emango dute Bilbon, hotel batean. Casale eta Spektorowski ezin izan dira etorri, "agenda arazoengatik", Lokarri herritar sarearen oharrak dioenez.

- Casale: torturaren aurka lan egiten du Europan.

- Hazan: giza eskubideen eta justiziaren aldeko lana egiten du.

- Kendall: Interpoleko idazkari nagusia izan zen.

- O’Loan: gatazkak konpontzeko Irlandaren enbaxadorea da.

- Spektorowski: Israelgo ministro izana da.

Ezker abertzalearen legalizazioa eta bake prozesu arrakastatsu baten gaineko konfiantza bultzatzea izango da taldearen zeregina, Currinek dioenez.

Azaroaren 12an aurkeztu zuen Currinek Harremanetarako Nazioarteko Taldearen eginkizuna. Helburua proiektu politiko guztiak onartuko dituen esparru politiko bat sortzea da. "Baliabide demokratikoetan oinarrituta, edozein jatorritako indarkeriarik edo indarkeria mehatxurik gabea", esan zuen Currinek orduan.

Hark aurkezpenean adierazi zuenez, alderdi politiko guztiekin akordio bat lortzen saiatuko dira. "Batasuna legeztatuta egon arte, ez da alderdi guztien negoziaziorik egongo". Nazioarteko Taldearen eginkizuna zehazteko, gobernu, alderdi politiko eta eragileekin bildu zen orduan.

Espetxe politikan aldaketak egin beharra ere aldarrikatu zuen Currinek. "Garrantzitsua da bakearekin konprometitutako pertsonak -hala nola Arnaldo Otegi- aske egotea, prozesuari ekarpenak egiteko".

Nazioarteko Taldearen eginkizuna

Legeztatzea. "Ezker abertzalearen legeztatzea bultzatu, erraztu eta ahalbidetzea".

Konfiantza eragin. "Konfiantza eragiten duten neurriak bultzatzea, hala nola bere jarduera politikoa murrizten dituen neurri bereziak gainditzea eta egungo espetxe politika eraldatu eta berria egokitzea".

Alderdien zerbitzura. "Alderdiak animatu eta zerbitzatu, hala eskatzen den neurrian, elkarrizketa politikorako egutegi bat prestatuz eta garatuz".

Alde askotako negoziazio bultzatzea. "Indar politikoek eskatzen duten neurrian, alde askotako elkarrizketa eta negoziazioa bultzatu, erraztu eta ahalbidetzea, inongo baldintzarik gabe eta emaitza aurretik zehaztu gabe, Mitchellen Printzipioen menpe. Gatazka politikoa gainditzeko akordio barneratzaile bat lortzea litzateke alderdi askotako elkarrizketa eta negoziazioaren helburua".

Bitartekaritza. "Aldeek eskatuta, bitartekari jardutea blokeoa gertatuz gero".

Bake prozesua gizarteratzea. "Bake prozesu arrakastatsu bat egiazki posible dela helaraztea gizarteari, hori sinesteko konfiantza sortzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.