Gero eta babes handiagoa dauka Gernikako Akordioak. Itunaren sozializazio fasean sinatzaile gehiago lortu dituzte, eta haien berri emango dute larunbatean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan 17:30ean egingo duten ekitaldi nazionalean. Sinatzaileen aurkezpenaz gain, mugarri bat ere izango da ekitaldia. Aro aldaketa egingo dute: sozializatzeko fasetik akordioa bera betetzera igaroko dira. «Behin betiko» fasea izango da, eta orain arteko 30 sinatzaile ingururen indarraz gain, berrien bultzada ere horretarako baliatuko dute: «Akordioaren oinarriak praktikara eraman nahi ditugu, euskal gizartearen eskakizun argiak direlako».
Gernikako Akordioaren sinatzaileek prentsaurrekoa eman zuten atzo Donostian, larunbateko ekitaldia aurkezteko. Belen Arrondo EILASeko kideak irakurri zuen testua euskaraz, Abertzaleen Batasuneko Mertxe Colinak frantsesez eta GaztEHerriako kide Andoni Rojok gaztelaniaz. Haiez gain, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, EAko Ikerne Badiola, Aralarreko Rebeka Ubera eta Alternatibako Ander Rodriguez ere han ziren, besteak beste.
Akordioa aurkeztu zutenetik bost hilabete joan dira, eta sinatzaileak pozik daude denbora horretan lortu dutenarekin. Ituna gizarteari aurkeztea eta hasierakoa baino babes handiagoa lortzea izan dute xede, eta lortu dutelakoan daude: «Agiria sozializatzea, gizarteari ezagutaraztea, bere ekarpenak, ideiak eta kezkak jaso ahal izateko, gure lehentasuna izan da hasieratik, jakin badakigulako proposatzen ari garena bezalako prozesu bat posible izango dela bakarrik jendeak parte hartzen badu».
Herritarrek erakutsi duten jarrerarekin ere gustura daude sinatzaileak: «Agertoki politiko berriaren alde egiteko eskatu zaion bakoitzean, kalera atera baita [gizartea], masiboki eta modu eredugarrian, joan den larunbatean bezala».
Akordioa sinatu zutenetik pasatu diren bost hilabeteetan gauza garrantzitsu gehiago ere gertatu direla uste dute, hala nola ETAren su-etena, «eta zenbait alderdi zein erakundek prozesuarekiko jarrera argitzeko egindako mugimenduak».
Euskal Herriaren «etorkizuna zehaztuko duen une historikoa» da hau, itunaren sinatzaileen irudiko, eta uneari «arduraz erantzuteko, indarkeriaren behin betiko desagerpena eta normalizazio politikora daraman bidea urratsez urrats betetzeko», elkarren artean dituzten desadostasunak gainditu eta batzen dituena lehenesten saiatu direla nabarmendu du Arrondok, sinatzaileen izenean irakurritako testuan. Azken batean, argitu dute xedea dela bakea, pertsona guztien giza eskubideak beteko diren egoera eta aukera politiko guztiak berdintasun baldintzetan aurkeztu ahal izango diren egoera. Gernikako Akordioa «benetako demokrazia lortzeko» bide orria dela ekarri dute gogora.
Sinatzaile berriak aurkeztuko ditu Gernikako Akordioak larunbatean
Ituna sozializatzeko fasea amaitutzat eman, eta akordioko oinarriak betetzeko fasera pasatuko dira, larunbatetik aurreraEkitaldi nazionala egingo dute Donostian, Atano III.a pilotalekuan, 17:30ean hasita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu