Politika

Sinboloen Legea betetzen ez duten alkateak zigortzea onartu dute PPk, UPNk eta PSNk

Gainerako alderdiek “jazarpen ideologikoa” salatu dute, eta PPk dio “legea betearaztea” nahi dela.

joxerra senar
2012ko abenduaren 20a
15:07
Entzun

2003ko Sinboloen Legea betetzen ez duten alkate eta zinegotziei urteko diru laguntza kendu ahalko zaie datorren urtetik aurrera. Nafarroako udalei 2013 eta 2014an ogasun publikotik dirua banatzeko foru lege proiektua aurrera atera dute PPk, UPNk eta PSNk. NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak “jazarpen ideologikoa” salatu dute.

Foru legeak jasotzen duenez, 2013. urtean 167,94 milioi euro banatuko dira Nafarroako udalen artean, aurten baino %2,1 gehiago —urriko KPIa %3,1 ingurukoa zen—. Diru horrek batez beste udalen aurrekontuaren %25 ordezkatzen du, eta gastu arrunta finantzatzeko baliagarria da. Iruñeko Udalak, gainera, 22,9 milioi euro jasoko ditu, eta Nafarroako udalbatzentzat beste 5,3 milioi euro aurreikusten dira. Guztira, 196 milioi. Hain justu ere, PPren ekimenez eta UPNk eta PSNk babestuta, udalbatzentzako diru hori eteteko aukera izango da, baldin eta hautetsiek Sinboloen Legea edo 2010eko Biktimen Legea betetzen ez badute.   

Bildu foru lege horren aurka azaldu da, besteak beste legea “tranpa” bat dela deritzolako. Haren ustez, Bilduren proposamena argia da; udalek Nafarroako zerga bilketan parte hartzea da helburua, eta eztabaida horri heltzen ez zaion bitartean “bezerokeria” egongo dela gaitzetsi du. Gaineratu du zigortzea ez dagokiola parlamentuari, epaileei baizik. NaBaiko Xabi Lasak ere legea kritikatu du. Ezkerrako Txema Mauleonek gogorarazi die eskuineko alderdiei Sinboloen Legean soilik ikurrina jartzea hartuko duen kontuan edo sinbologia frankista kentzea aintzat hartuko duen: “Ken ezazu ezkutu laureatua gobernuaren egoitzatik, bestela soldatarik gabe geratzeko arriskuan zara, Barcina anderea”, ohartarazi dio ironiaz. Oposizioak gogorarazi du UPNk Iruñean sinbolo frankistak ezartzen jarraitzen duela.

UPNk arrazoitu du “foru lege ona” dela. PSNk argudiatu duenez, lege horrek ez ditu udalak zigortuko, legea betetzen ez duten hautetsiak baizik. “PSNrentzat garrantzitsua da Nafarroako defentsa, eta beti biktimekin egon gara”, argudiatu du Maite Esporrinek. PPko Eloy Villanuevarentzat ez da bilatzen jazarpen ideologikoa, “legea betearaztea” bazik. Alderdiok garrantzitsutzat jo dute udalen finantzaketa bi urtetarako ziurtatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.