LAB, EILAS, CCOO, CSIF eta ELA sindikatuek «poza» agertu dute Nafarroako Gobernuak iragarritako aurrekontu murrizketen aurka hezkuntza publikoko irakasleek atzo egindako lanuztearen arrakastagatik. Sindikatu horien arabera, irakasleen %60k egin zuten lanuztea 12:00etatik 13:00etara. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, ordea, hezkuntza publikoko irakasleen %16,2k baino ez zuten bat egin deialdiarekin.
Irakurketa argia dute sindikatuek. «Erakusten du langileok ez gaudela ados Hezkuntza Departamentuak esaten digunarekin», adierazi du LAB sindikatuko Expe Iriartek. Amaia Zubieta EILASeko ordezkariak azaldu duenez, hezkuntza sindikatuek ez dute Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariaren berririk, urriaren 6an azkenekoz bildu zirenetik. Horregatik, negoziazioak hasteko zain daudela adierazi du: «Iribasek adierazi du negoziazioei ekiteko prest dagoela. Horren zain gaude». Era berean, aste honetan Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordea egin eta gero sindikatuek «sentsazio gazi-gozoa» dutela nabarmendu du Zubietak: «Erabakitzeko ahalmenik ez duten alderdiek bat egiten dute gure eskaerekin, baina gobernuko bi kideek [UPN eta PSN] ez dute horren inguruan jarrera argirik erakusten».
Sindikatu deitzaileek, poza agertuta ere, gogor kritikatu dituzte Nafarroako Gobernuak atzoko lanuzterako ezarritako gutxiengo zerbitzuak. Haien esanetan, horrek ageria uzten du departamentuak lanuzteak «boikotatzeko» duen asmoa.
Mobilizazioetan lehena
Hezkuntza Departamentuak iragarritako murrizketen kontra sindikatuek deitutako mobilizazio sorta batean lehena izan zen atzokoa. Bihar, larunbata, manifestazioa izanen da, Sortzen-Ikasbatuaz eta Herrikoa hezkuntza sindikatuak eta ikasleenguraso elkarteak deituta. 17:30ean abiatuko da manifestazioa, Iruñeko Antoniutti parkean hasita. Hezkuntza komunitateko eragile eta sindikatu ugarik adierazi dute dagoeneko mobilizaziorako atxikimendua.
Astearterako, hilaren 25erako, lanuztea iragarri dute berriro LAB, EILAS, CCOO, CSIF eta ELA sindikatuek: bi ordukoa izango da. Azkenik, hilaren 27an greba eguna izanen da Nafarroako hezkuntza publikoan. Sindikatuek irakasleei dei egin diete mobilizazio hauetan parte har dezaten, «asko baita jokoan dagoena, belaunaldi gazteen etorkizuna hain zuzen ere». Era berean, «babesa» eskatu diete familiei, eta «ulerberak» izateko mobilizazio hauek egunerokoan «gora beherak sortzen» dituztelako. Edonola ere, «murrizketen uholdea» gelditzea lortzen badute denen seme-alaben onurarako izango dela gogorarazi nahi izan diete familiei. Sindikatuek mobilizazioen garrantzia azpimarratu dute. «Nafar guztion eskubide berdintasuna bermatze aldera hezkuntza baita berme nagusia».
Iriartek greba egunean atzoko lanuztean baino «oihartzun masiboagoa» espero du. «Ordubeteko lanuzte bat antolatzeak greba egun bat antolatzeak baino arazo gehiago dakar».
Afapna, UGT, ANPE eta APS sindikatuek ez dute bat egin dei hauekin, ezta atzokoarekin ere.
Sindikatuak «pozik», lanuzteak arrakasta izan duelako eskoletan
Nafarroako hezkuntza sindikatuen arabera, irakasleen %60k bat egin dute deiarekin; gobernuaren arabera, berriz, %16,2kEgunotan eginen den mobilizazio sortako lehena izan da atzoko ordubeteko lanuztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu