Greba. Horixe erabaki dute ELA, LAB, CCOO, UGT eta CGT sindikatuek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Hurrengo astearterako egin dute deialdia, hilaren 28rako, alegia. NUPeko administrazioko eta zerbitzuetako langileak deitu dituzte hurrengo asteko grebara, «langileen eskubideen eta negoziazioaren alde».
Azken aste hauetan NUPeko administrazioko eta zerbitzuetako langileek bete beharreko ordutegia izan da sindikatuen eta erakunde horretako kudeatzaileen arteko negoziazioaren ardatz nagusia. Unibertsitateak langileon lan ordu kopurua handitu nahi du, baina sindikatuak ez dira neurri horren alde. Ez dute lan jardunaldia luzatu nahi. Haien hitzetan, gainera, neurri hori martxan jartzeak ez luke dirua aurrezteko biderik emanen, eta gainerako unibertsitateek duten egutegi eredutik «are gehiago» aldenduko luke NUP.
Horregatik, proposamen bat prestatu dute sindikatuek: udako eta eta ikasturteko lehen eguneko lan ordu murrizketa pilatu, eta Pazko astean unibertsitatea ixtea. Sindikatuen hitzetan, proposamen horrek ez du lan jardunaldia luzatzen, dirua aurrezteko balio du, eta egun indarrean dagoen lan hitzarmena errespetatzen du. NUPek, hala ere, ez du proposamen hori onartu.
Gutxieneko zerbitzurik ez
Atzo bertan, negoziazio mahaiko kideek bilera egin zuten unibertsitatean, eta sindikatuek haren ondotik ezagutarazi zutenez, NUPeko kudeatzaileek lan jardunaldia luzatzeko haien asmoari eutsi egin zioten. Hori dela eta, datorren astearterako unibertsitatean greba deialdia egitea erabaki zuten sindikatuek.
Azken asteotan bertze hainbat protestaldi egin dituzte sindikatuek NUPen, negoziazioaren alde, baina ez dute nahi zuten emaitza lortu. Datorren asteko greba egunerako Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez duela gutxieneko zerbitzurik ezarriko azaldu dute sindikatu deitzaileek.
Sindikatuek grebara deitu dituzte NUPeko langileak hurrengo astearterako
LABek, ELAk, CCOOk, UGTk eta CGTk egin dute deialdia, langileen eskubideen eta negoziazioaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu