Bi orduko lanuztea egin zuten atzo Nafarroako hezkuntza publikoko irakasle eta ikasleek, Nafarroako Gobernuak aurrekontuetan eragindako murrizketak salatzeko. LAB, ELA, CSIF, CCOO eta EILAS sindikatuek deitu zuten protesta. Mobilizazioak herrialde osoko 20 bat herritan egin ziren, besteak beste Tuteran, Tafallan, Lizarran, Agoitzen, Zangozan, Altsasun eta Iruñean. Azkeneko hori izan zen jendetsuena. Ehunka pertsonek manifestazioa egin zuten Hezkuntza Saileko egoitzatik hasi, eta Nafarroako Parlamentuko eraikinera arte. Sindikatuek salatu dute Jose Iribas Hezkuntza Kontseilariak astelehenean egin zien proposamena «hutsala» dela, eta biharko grebarako deia egin dute.
Atzoko protesten osteko lehenbiziko balorazioan, «poza» agertu, eta jarraipen «handia» nabarmendu zuten sindikatuek —Hezkuntza Sailak %15,5ra mugatu zuen lanuztearen jarraipena—. Edonola ere, Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkotzat» hartu, eta mobilizazioak «boikotatzeko» saiakera bat dela salatu zuten. Era berean, «borrokatzen jarraitzeko» eta hurrengo mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zieten sindikatuetako kideek irakaskuntza publikoko langileei. Gainera, Nafarroan hezkuntza aitzindari izan dadin proposamen zehatzak egin ditzan galdegin zioten Nafarroako Gobernuari, hezkuntza publikoa «nafar guztien aukera berdintasuna bermatzeko ezinbestekoa baita».
Atzokoa ez zen protesta bakarra izan. Azken asteetan Jose Iribasek zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuak egindako murrizketa ekonomikoen kontra mobilizazio gehiago egon dira. Iragan ostegunean ordubeteko lanuztea egin zuten hezkuntza publikoko irakasleek eta larunbatean, 20.000 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten Iruñean, Herrikoa eta Sortzen-Ikasbatuaz guraso elkarteak eta hezkuntzako sindikatuak deituta. Ostegunean, bestalde, greba eginen dute irakaskuntza publikoko irakasle zein ikasleek.
Negoziatzeko deia Iribasi
Atzoko Iruñeko mobilizazioa hasi aurretik, agerraldia egin zuten LAB, ELA, CSIF, CCOO eta EILAS sindikatuetako kideek. Bertan jakinarazi zutenez, Iribas Hezkuntza Kontseilariak adierazpen bat luzatu zien sindikatuei astelehen gauean. Edonola ere, sindikatuen arabera Iribasek asmoak baino ez ditu aipatzen adierazpenean eta ez du «inongo konpromisorik hartzen». Gehiago espero zuten: «ez da sindikatuok espero genuen dokumentua, ez da nahikoa». Hala, «errespetu falta» ikusi dute kontseilariak bidalitako adierazpenean, diotenez Iribasek ez baitu haien papera kontuan hartzen negoziaketei ekiterako orduan.
ELAko kide den Ander Pascualen arabera, «eskandalagarria» da mobilizazioan hasi zirenetik bi hilabete pasa direnean, konpromisorik hartzen ez duten «hitz hutsak» baino ez jasotzea Iribasen aldetik.
Era berean, sindikatuek salatu dute duela bi hilabete irakaskuntza publikoak murrizketen ondorioz bizi duen «egoera larria» konpontzeko proposamena egin zutenetik erantzunik jaso ez dutela. Horregatik, dokumentu «serioagoa» aurkezteko deia luzatu diote Iribasi, «negoziaketa prozesuaren oinarriak ezarri ditzan». Bide beretik, hezkuntza publikoaren aldeko «jarrera argia» jasoko duen eta hurrengo urterako aurrekontuak bermatuko dituen adierazpena eskatu diote Jose Iribasek zuzentzen duen Hezkuntza departamenduari.
Bestalde, egoerari konponbidea emateko orain arte luzatutako proposamena mantendu dute sindikatuek. Bost dira puntuak:neurrien «behin-behineko» izaera adierazi dadila; irakaskuntzak dauzkan errekurtsoak zehaztu daitezela; orain arte ezarritakoa legeetan jaso dadila; krisiaren ondorioz hezkuntzan izandako gastuari aurre egiteko epeak zehaztu daitezela; eta gasturik suposatu gabe, hezkuntzaren kalitatea hobetu dezaketen neurriak adostu daitezela.
Pozik protestekin
Sindikatuek, azkenik, «modu positiboan» baloratu dituzte hezkuntzan izandako murrizketen kontra azken asteetan egindakomobilizazioen erantzuna, eta bereziki, larunbateko manifestazio jendetsua. Haien irudikoz, horrek adierazten du Nafarroako gizartea UPN eta PSN egiten ari diren murrizketen kontra dagoela. Bide horretan,bihar izanen den greban parte hartzeko deia luzatu dute, haien ustez hezkuntza sistemaren kalitatearen «okertzea» mobilizazioaren bitartez bakarrik gelditu baitaiteke.
Sindikatuek salatu dute Iribasek egin dien proposamena «hutsala» dela
Murrizketak geratzeko modu bakarra protestak direla adierazi dute, eta biharko greban parte hartzera deitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu