Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententziak ez du eragin praktikorik izango oraingoz. Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok jakinarazi du gobernuak Espainiako Auzitegi Gorenera joko duela atzoko sententziaren aurka, eta, hortaz, Gorenaren epaia iritsi arte Skolae proiektuarekin jarraituko dutela. «Ordura arte epaia ez da irmoa izango», azaldu du- Beste 26 ikastetxetara iritsiko da irailetik aurrera.
Nafarroako Gobernuak aurreko agintaldian hezkuntzan egindako apustu nagusietako bat da Skolae. Programaren helburua da «kultura berdinzalea» bultzatzea eta indarkeria sexisten aurka kontzientziazio lana egitea. Eskuineko sektoreek, ordea, oso irmo jo dute egitasmoaren aurka, eta umeak «doktrinatu» nahi izatea leporatu izan diote gobernuari. Programaren xehetasunetan ez da sartu Nafarroako Auzitegi Nagusia, nahiz eta hori eskatu zioten guraso batzuen salaketek.
Gaur goizean egindako agerraldian, Gimenok «babes osoa» adierazi dio Skolae programari, eta gogoan hartu du nazioarteko hainbat sari jaso dituela. Haatik, Skolae indarrean sartu zenean, 2018an, hiru errekurtso jarri ziren administrazioarekiko auzien epaitegian, eta aurretik beste bi errekurtso atzera bota ditu Auzitegi Nagusiak: bata, helegitea jarri zuen elkarteak ez zuelako interes legitimorik hori egiteko, eta bestea, prozedura desegokia egin zuelako. Asteon, hirugarren errekurtsoari buruzko erabakia etorri da, eta, oraingoan, helegitea aintzat hartu da, «partzialki».
Forma kontuei soilik erreparatu die Auzitegi Nagusiak. Auzitegiaren arabera, Skolae ezin zen onartu Hezkuntza zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta, curriculumaren edukia duenez eta ikastetxeak hura ezartzera behartzen dituenez, arau gisa tramitatu eta onartu beharra zegoen.
Gobernua ez dago ados ikuspegi horrekin, eta kasazio errekurtsoa jarriko du. «Horrek esan nahi du Auzitegi Nagusiaren epaia ez dela beteko Gorenak ebatzi arte». Gimenok azaldu duenez,iraganean hainbat lege organikok eta foru legek eman diote modua gobernuari Skolaeren moduko hezkuntza programak ezarri ahal izateko, «programa horiek izaera normatiboa izatera behartu gabe». Beraz, Gimenoren ikuspegitik, ez dago xedapen orokor gisa tramitatu beharrik.
Iraganeko aurrekariak alde batera utzita, Skolaeri dagokionez, hainbat legeren babesean egina dago. Adibidez, Nafarroako berdintasun legea aipatu du, zeinaren arabera ikastetxeek «betebeharra» duten hezkidetza programak egiteko. Nolanahi ere, Gorenak auzitegiaren epaia berretsiko balu ere, Hezkuntza Departamentua urratsak egiten hasiko da Skolae bertan behera gera ez dadin: foru dekretu bat prestatzen hasiko dela aurreratu du Gimenok.
Horregatik, Gorenaren epaiaren ildoa edozein dela ere, Skolaek indarrean jarraituko duela nabarmendu du Hezkuntza kontseilariak, eta gobernuak «erabat» babesten duela hezkidetza programa hori. Irailean beste 26 zentro batuko dira, eta denera 219 zentro izango dira programaren barnean. Skolaren planteamenduaren arabera, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztietan ezarri behar da hezkidetza programa.
Solana: «Ez dio auziaren funtsari heldu»
Errekurtsoa jarri zeneko garaian, Maria Solana zen Hezkuntza kontseilari, eta, Gimenok hitz egin ondotik, bere iritzia plazaratu du. Geroa Baiko parlamentariaren irudiko, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez dio auziaren funtsari heldu, eta, ez duenez programaren edukia bera zalantzan jarri, atzokoa «egun etsigarria izan zen hainbatentzat». Auzitegi Nagusiak forma akats bati erreparatzea «eztabaidagarria» izan daiteke, eta horren arabera errekurtsoa jarri. Hezkuntza programak dekretu bidez edo orain arte bezala ebazpen administratibo bidez egin behar diren eztabaida juridiko horretan, bururaino joateko beharra azpimarratu du. Amaieran Auzitegi Nagusiari arrazoi eman behar bazaio, prest azaldu da aldaketak egiteko.
Hartara, Solanak azpimarratu du Skolae ez dagoela arriskuan, eta bera kontseilari zenean erabilitako prozedura defenditu du. Haren ustez, kolore politiko desberdinetako gobernuek «urteak eta hamarkadak» daramatzate jokamolde horrekin, eta, Skolaeren kasuan, irizpide tekniko eta akademiko guztiek modua ematen zuten ebazpen administratibo bidez egiteko. Hezkuntza kontseilari gisa, irizpide horiei kasu egitea hobetsi zuen. «Inork ez dezala tentaldirik izan irudikatu nahi izateko ohartarazpen tekniko baten aurka jokatu genuela nahita, gaizki egiteko borondateaz. Ergelak ginateke zerbait aurrera atera nahirik geure buruari zangotraba jarriko bagenio».
Iraganean egin bezala, Solanak Skolaek bi urteotan egindako bidea defenditu du. Indarrean jarraituko badu ere, Solanak azpimarratu du edozein arrazoi dela medio orain bertan behera geratuko balitz ere ondarea utziko lukeela eta «horregatik soilik balio handia» duela. «Skolaek erreferentziazko hezkuntza programa izateari uzten badio, ez da alferrik izango, atzean milaka irakaslek berdintasunean egindako prestakuntza jaso baitute, eta hainbat belaunaldik aukera izan baitute errealitateari beste ikuspegi batetik begiratzeko».
Solanak programaren garrantzia balioesteko erabili du argudio hori, eta Skolaek indarrean jarraituko du.