Teknologia

Software librea, jakintzak zabaltzeko bidea

Teknologia irekiari buruzko LibreCon kongresua egiten ari dira egunotan Bilbon. Bizkaiko Foru Aldundiak erabiltzen duen teknologiaren erdia librea izango dela iragarri du.

Jim Whitehurst, Linux merkaturatzen duen Red Hat enpresaren burua, Bilbon emandako hitzaldian. LUIS TEJIDO / EFE
2014ko azaroaren 12a
10:51
Entzun

Doako teknologia da software librea, jabetza publikokoa. Nahi izatekotan, zerbitzu gehigarriak baino ez dira ordaintzen, besteak beste, teknologiaren kalitatea, segurtasuna, egonkortasuna eta pribatutasuna ziurtatzeko. Halako zerbitzuei esker, 1.200 milioi euro irabazi ditu aurten Red Hat enpresak, Linux sistema eragile librea merkaturatzen duenak. Jim Whitehurst presidentea Bilbon izan da gaur, egunotan egiten ari diren LibreCon kongresuan.

Azaldu duenez, software librearen kostuak jabedunarenak baino "erdia edo gutxiago" dira. Gainera, software librea New Yorkeko burtsan edota urpekari nuklearretan erabilia izateko "frogatua eta prest" dago. Alde horretatik, erronka nagusia "berrikuntzan" dagoela nabarmendu du Whitehurstek, bide hori teknologia librea erabili nahi duen "pertsona ororen" esku dagoela azpimarratuz. Izan ere, software libre, irekia izanik, jakintzak jabedun softwareak baino "askoz gehiago" zabaltzen dituela defendatu du Red Hateko buruak.

Bizkaiko Foru Aldundiak, bere presidentetza diputatu Unai Rementeriaren eskutik, software librearen aldeko apustua defendatu du. Jakinarazi duenez, sei hilabeteen buruan, erabiltzen duen teknologiaren erdia irekia izatea espero du Aldundiak, teknologia "arrakastatsua, aurreztailea eta segurua" delako. Emandako datuen arabera, Bizkaian informazioaren eta komunikazioaren sektorean fakturatzen denaren %30a software libreko enpresek irabazitakoa da; 850 milioi euro urtean, hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.