Eusko Legebiltzarrak genero indarkeria kasuetarako protokolo bat osatzea eskatu dio, aho batez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. Udaltzaingoa duten herri guztiekin osatu beharko du Herrizaingo Sailak protokoloa. Izan ere, genero indarkeria kasuetan, udaltzainek eta ertzainek dituzten eskuduntzak finkatu eta bien arteko lankidetza nola burutu adostu beharko dute. Horretarako, Eudelekin koordinatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Herrizaingo Sailari. Gainera, Rodolfo Aresek zuzendutako sailak ertzain guztiak trebatu beharko ditu, genero indarkeria kasuetan «gutxieneko ezagutza batzuk» izan ditzaten.
Ertzaintza eta udaltzaingoen arteko lankidetza eraginkor baten aldeko ekimenak premiazkoak direla nabarmendu dute Eusko Legebiltzarreko alderdi gehienek. EAJko legebiltzarkide Garbiñe Saezek adierazi duenez, «beharrezkoa» da ertzain eta udaltzainen arteko lankidetza, horiek baitira «biktimari lehenengo arreta egiten diotenak». Erakundeen arteko elkarlana «derrigorrezkoa» dela ziurtatu du Joana Madrigalek, PSEko legebiltzarkideak.
Bestalde, bi pertsona atxilotu dituzte genero indarkeria kasuengatik. Asteazkenean, 42 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Bilbon, ustez bikote ohiari eta eztabaida saihesten saiatu zen ertzain bati eraso egiteagatik. Emakumea ez zuen zauritu, baina ertzaina ospitalera eraman zuten. Beste gizonezkoa ere Bilbon atzeman zuten ertzainek, Getxoko (Bizkaia) epaitegiak ezarri zion urruntze agindu bat haustea egotzita.
Ustezko bahiketa Urruñan
Frantziako Polizia adingabeko baten ustezko bahiketa saioa ikertzen ari da. Urruñako (Lapurdi) familia batek salatu du joan den otsailaren 2an bederatzi urteko haurra katiximatik atera eta etxera zihoala, gizon bat gelditu zitzaiola ondoan eta autora sartzeko gomita egin ziola. Gizon hark neskatilari erran omen zion haren ama ezin zitzaiola bila joan eskolara eta etxera eramatea eskaini ziola. Ezezagunak susmo txarra eragin zion neskatilari, eta lasterka ekin zion ihesari. Gizon hark 4x4 motako ibilgailu beltza zeukala adierazi zuen gazteak.
Lekuko batekin batera, haurraren familiak salaketa jarri du Donibane Lohizuneko polizia etxean. Mota bereko ibilgailua eskola giristinoaren ondoan gelditurik ikusi zuela adierazi dio Poliziari familiaren ezagun horrek.
Soilik ertzainak trebatuko dituzte genero indarkerian
Eusko Legebiltzarrak protokolo bat eskatu du udaltzain eta ertzainen lana bateratzeko genero indarkeria kasuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu