Gasteizko Udalak agindua eman du «gehien» irakurtzen diren egunkariak baino ez erosteko, dirua aurrezteko neurrien barruan. Udaleko prentsa bulegoak esan du El Correo eta Diario de Noticias de Alava egunkariak erosiko dituztela, baina apaletatik kenduko dituztela BERRIA, Gara, El Pais eta beste zenbait egunkari eta argitalpen. Maiatzean hartutako erabaki bat dela jakinarazi du udalak, baina atzora arte ez zen izan horren berririk. Itziar Amestoi Bilduko zinegotziak eman zuen erabakiaren berri.
«Ahal den lekutik ahal den bezala» mozten ari direla jakinarazi dio udaleko prentsa bulegoak BERRIAri. Azaldu dute gizarte etxe batzuetan berrogei argitalpen inguru jasotzen zirela, eta esan dute erabaki horren ondorioz gutxi batzuk baino ez dituztela jasoko, «lau, adibidez». Gizarte etxeek liburutegietarako ezer berririk ez erosteko agindua ere badute: ez libururik, ez CDrik. Udaleko prentsa bulegoak adierazi du berak ere argitalpen gutxiago jasoko dituela, eta iragarri du talde politikoei ere mozketak egingo dizkietela.
Argitu gabe dago noiz jarriko den indarrean erabakia. Hain zuzen ere, atzo bertan, ohiko egunkari guztiak zeuden El Pilar eta Arriaga gizarte etxeetan, eta hango arduradunek ez zuten Gasteizko Udalak hartutako erabakiaren berri.
Nafarroan, aurrekariak
Barañaingo eta Iruñeko udalek erabaki bertsua hartu zuten 2009ko hasieran, hango liburutegietan BERRIA eta Gara erosteari utzi ziotenean. Nafarroako Liburuzainen Elkartearen kritikak piztu zituen, eta arartekoarengana ere jo zuten. Barañaingo herritarrek BERRIA irakurtzen jarraitu zuten, Hondarribiko bi bizilagunek egin zuten harpidetzari esker.
Soilik «gehien» irakurtzen diren egunkariak erosteko agindu du Gasteizko Udalak
BERRIA, 'Gara', 'El Pais' eta beste zenbait egunkari gizarte etxeetatik kenduko dituzte, dirua aurrezteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu