Soilik Olite, Erriberri gabe

Erriberriko Udalak herriaren izen elebiduna ofizial izateko eskaera atzera botatzeko eskatuko dio Nafarroako Gobernuari. Eztabaidarik ez da falta izan, boto bateko aldearekin soilik onartu baita.

Erriberriko plaza eta udaletxea. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Izena aldatzeko eskatzea oker historiko larria izan zen, eta manipulazio politikoaren ondorioz atera zen aurrera». Eva Gorri Erriberriko PPNko zinegotziak mozio bat aurkeztu du, Nafarroako Gobernuak atzera bota dezan Erriberriren izena Olite-Erriberri izateko egin zuten eskaera. Izena aldatzeko erabakia aurreko legealdian hartu zuen udalak, maiatzeko hauteskundeen aurretik. Orain, baina, UPN eta PP batu egin dira eta boto bateko aldearekin —sei boto alde, bost aurka—, eskaera baliorik gabe uzteko eskatuko dio Erriberriko udalak Nafarroako Gobernuari.

Eva Gorriren hitzetan, aurreko legealdiko erabakia okerra da, eta ez du uste Erriberri izena azaltzea beharrezkoa denik, herria ez dagoelako Nafarroako ingurune elebidunean. Olite soilik nahikoa dela esan du PPko zinegotziak.

Mari Carmen Otxoa PSNko Erriberriko zinegotzi eta alkate ohiak, ostera, egindako koofizialtasun eskaera defendatu du. «Izendapen bikoitza, bi hizkuntza barneratzen dituena, guztiz legezkoa da, eta, are gehiago, gure kulturaren erakusle da. Erabakia herritarren onespenarekin hartu genuen, eta udalak ere ontzat eman zuen. Erriberritar guztien nahiak aintzat hartzea da alkatearen egitekoa».

Bilduko zinegotzi Evaristo Calzada ere bat etorri da harekin. «Herriko kiroldegiak, okindegiren batek eta bestelako hainbat tokik ere Erriberri izena erabiltzen dute; erabat zabaldua dago, eta herrian euskara erabiltzen zen adierazle da», argitu du. Izena aldatzeko eskaera babesten duela adierazi du.

Bestetik, PSNk eta Bilduk aurkeztutako eskaera ere atzera bota du udalak, boto bateko aldearekin hori ere. Nafarroa Oinez laguntzeko txistularien kontzertu bat antolatu nahi zuten, eta herriko hamalau kultur elkartek ere onespena eman zuten. «Herritar batzuei txistulariak gustatzen zaizkie, dantzariak eta gainerako euskal kulturaren elementuak; haiek ere babestu behar ditugu», gogorarazi du Otxoak. Halaber, 1936ko altxamendu militarra gaitzesteko eskaera ere bertan behera geratu da.

'Estella-Lizarra'

Erriberrikoa ez da kasu bakarra. Iragan ekainean epaileak onartu egin zuen ordura arte gaztelaniaz Estella eta euskaraz Lizarra izeneko udalerriak ofizialki bi izenak izatea. Herritarrek izendapenaren alde egin zuten, eta udalak 2010eko urrian egindako osoko bilkuran lortu zuen izenari buruzko akordioa. Eztabaidak izan ziren UPNko ordezkariak aldaketaren aurka egin zuelako. Baina gehiengoa lortuta, gobernuari eskaera egin zioten.

Hark, ordea, ez zuen onartu, Euskararen Legearen kontrakoa zelakoan. Lizarra eremu mistoan egonik, legeak bi izenak agintzen dituela argudiatu zuen gobernuak, baina biak bateratzeko aukerarik ez zegoela. Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen orduan udalak, eta hark arrazoia eman zion, eta, hala, izen elebiduna ofizial egin zuen. Hala ez egitea Espainiako Konstituzioaren aurkakoa litzatekeela eta udalaren autonomia urratuko lukeela zioen epaiak.

Halaber, eremu mistoko udalerrien seinaleek bi hizkuntzetan egon behar dute, eta hori ez dela errespetatzen salatu zuen Arartekoak iragan otsailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.