zaldibarko hondamendia

Sololuzeren familiak eskerrak eman dizkie bilaketan aritutakoei

Beltran topatu arte "bake osorik ez" dela izango azpimarratu dute hedabideei bidalitako ohar batean. DNA probak baieztatu du Sololuzerenak direla igandeaz gero aurkitutako gorpuzkiak.

Zaldibarko zabortegian bilaketa lanetan jarraitu zuten atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko abuztuaren 19a
09:19
Entzun

"Esker ona adierazi nahi diegu Albertoren bilaketan eta aurkikuntzan parte hartu duten guztiei. Nahiz eta egoera oso bereziak bizitzea egokitu, haiek ez dute etsi", nabarmendu dute Alberto Sololuzeren senideek. Joan den igandeaz geroztik Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) topatutako giza arrastoak Sololuzerenak direla baieztatu dute azken egunetan aurkitutako aztarnei eginiko DNA proben lehen emaitzek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, DNA proben lehen emaitzen berri emana diete epaileari eta senideei. Arratsaldean heldu da familiaren oharra.

Sololuzek 62 urte zituen; Eibarkoa (Gipuzkoa) zen, baina Markina-Xemeinen (Bizkaia) bizi zen. Datorren urtarrilean zen erretiroa hartzekoa. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Sololuzeren iloba Helene Alberdik eskatu du «justizia» egiteko, eta eskerrak eman dizkie senideei babesa adierazi dieten guztiei.

Arratsaldeko oharrean ere eskerrak eman ditu familiak: " Eskerrak eman nahi dizkieguhilabete bukaezin hauetan guztietan elkartasuna erakutsi diguten lagun guztiei. Gure ondoan egon zarete denboora guztian, eta ez gara inoiz bakarrik sentitu".

Zaldibar Argitu plataformak ere mezu bat sareratu du: «Alberto Sololuze. Herritarrok ez dugu ahaztuko zerk eta nola eraman zaituen. Besarkada estu bat senideei. Joaquin ahalik lasterren atera dezatela hortik». Ekologistak Martxan elkarteak, berriz, berri ontzat jo du Sololuzeren gorpuzkiak agertu izana, horrek «senide eta lagunei bakea ekarriko dielakoan». Horrez gain, nabarmendu dute ezbeharra ez zela «ustekabekoa» izan, baizik eta «hondakinak kudeatzeko sistema eskas baten emaitza. Horrek, osasunaren eta ingurumenaren babesaren gainetik, enpresa onurak lortzeari ematen dio lehentasuna».

Sei hilabetez Sololuzeren eta Joaquin Beltranen berririk gabe egon eta gero, Ertzaintzak igandean berna hezur bat topatu zuen, eta giza arrasto gehiago astelehenean. Atzo, zenbait objektu pertsonal aurkitu zituzten: argazki kamera bat, erloju baten uhala, eguzkitako betaurrekoak eta giltzarrapo bat.

Otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia, eta azpian harrapatuta geratu ziren Beltran eta Sololuze hango langileak. Baskulatik 23 metroko sakoneran aurkitu dituzte gorpuzkiak eta objektu pertsonalak. Hain justu, gune horretan bertan egiten zuen lan Sololuzek. Joan den igandeaz gero, B1 gunean ari dira indusketa lanetan, eta jasotako gorpuzkien DNA laborategietan zen, proba egiteko.

Orain, Beltran topatzea izango da urratsa, eta sololuzetarrek azpimarratu dute haien "bakea osoa ez" dela izango Beltran ere aurkitu arte: "Ezin dugu ahaztu Joaquinen bilaketak aurrera jarraitzen duela".

Sei hilabete

50.000 herritar inguru konfinatzea ere eragin zuen duela urte erdiko amiltzeak. Hilabeteotan, auzia argitzeko eta gorpuak aurkitzeko eskatu dute senideek eta Zaldibar Argitu plataformak. Duela bi aste, bi beharginak oroitzeko ekitaldiak egin zituzten Markina-Xemeinen eta Zallan, haien sorterrietan. Aurrez, horrelakorik “berriro ez gertatzeko bermeak” galdegin zituzten.

Egunean bertan hasi ziren bi langileak bilatzeko lanak, baina gorabehera asko izan dituzte. Besteak beste, luizi gehiago egoteko arriskuak, eremuan amiantoa aurkitu izanak eta hondakinek eragindako suteek lan egiteko modua aldatzera behartu zuten. Apirilaren 6an, zabortegia amildu eta bi hilabetera, Sololuzeren autoa topatu zuten, baina harrezkero ez da izan bi beharginen arrastoei buruzko albisterik.

Verter Recycling 2002 SM enpresak kudeatzen du amildutako zabortegia, eta enpresak eginiko kudeaketa eta hondamendian izandako ardura auzibidean dira. Uztailaren 21ean, Jose Ignacio Barinaga Verterren jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxebarria azpiegituraren ingeniaria atxilotu zituen Ertzaintzak, baina bi egun geroago aske utzi zituen epaileak, karguak egotzita. Gainera, atxiloketek zeresana eman zuten, Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia ez baitziren bat etorri atxiloketen prozeduran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.