Sophie Loudette eta haren bikotekidea hilik aurkitu zituzten, euren etxean, Baionan. 38 urteko gizon batek hil zuen, labana batez, eta gero bere burua hil zuen. Suhiltzaileek aurkitu zituzten gorpuak, Loudetteren aitak abisua eman ondoren, alaba ez zelako agertu laneko zita batzuetara.
Ikusi gehiago
Dibortziatua zegoen Loudette, eta 36 urte zituen. Medikua zen, eta zaintza aringarrietan lan egiten zuen; Baionan lan egiten zuen batez ere, baina baita Bordelen ere (Okzitania). Bi seme-alaba zituen, hilketaren momentuan beren aitarekin zirenak. Gizonaren izena ez zen zabaldu, baina ezagutu zen Loudetteren bikotekide izan zela azkeneko urtean. Parisen bizi zen, 38 urte zituen, eta tarteka etortzen zitzaion emakumeari etxera.
Prokuradoreak azaldu zuen bikoteak eztabaida bat eduki zuela, bereizteko asmoa zuelako emakumeak, eta horregatik hil zuela gizonak. 2011ko abuztuaren 26an gertatu zen, goizaldean.
Hiltzaileak aurrekari penalak zituen. Bikotekide ohi bat eta haren gurasoak jotzeagatik hiru hilabeteko kartzela zigor bat emana zioten lau urte lehenago, 2007an. Gizonak bere buruaz beste egin zuenez, artxibatu egin zuten auzia.